Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta.
1.
Edonolako gai motan, alde triste, alai kontran. Barra ertz hartan mahai hontan... Zer esaten da irrati, prensa, sarean, bertso saiotan? Nolanahiko garraiotan, elipsi joku iaiotan, diskursoen garaiotan.
2.
Hizkuntza hautuez kexan, presoen auzia presan, herria ahotan prensan. Lehen zer esan bagenekien, orain zer ezin den esan. Lehen sutsu, orain perezan. Gintezen eta genezan. Ez gaude ez hemen ez han.
3.
Gizon eta emakumez, erasotzaile inpunez, zapaldu boteredunez... Zer esan ustez ongi dakigu, nola esan dezakegun ez. Radikalismo bigunez, gehiegizko begirunez, oihu diren isilunez.
4.
Iruñeako zezena, Tubacex-en almazena, euskal delicatessena... Politikoki zuena ala politikoki zuzena? Ausart duda, izu sena, ke bihurtzen da su zena, despolitizatuz dena.
5.
Han eta hemengo datu: manipulatu, ondratu, gordin bezain adornatu. Gehienarekin konfrontatu nahiz gutxirekin konformatu. Medio, autore, formatu... Nola ta non informatu inork ez gaitu formatu.
6.
Sare sozialen sukar, postureoan ordu lar. Taldetar, baina singular. Inkoherente popular ala koherente inpopular? Diskurso espektakular, pedantekerian bulgar, (h)ego haize bete bular.
7.
Bando adina aukera: fidel ala estratega, umil edo atakera? Hartu bandera koloredun bat ala zuria atera? Konbikzioen kantera, zuhurtziaren katedra... Ezin da dena batera.
8.
Zenbat anbizio gugan, hitz neurtuaren gudan. Entzulea hemen gu han... Dena esanda utzi nahi eta deus ez esateko mugan. Nintzen sorta sortu guran geratu zintezten dudan ezer esan ote dudan.