Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Indar bat dabil hor

2023-11-08

Xabier Amurizaren bertsoekin Mikel Markezek ondutako kantua. Amurizari 2016an Durangon egindako omenaldian abestua, Josu Zabala eskusoinuaz lagun.
1.
Bizi-legeak dio
argi bezain idor
gaztea hilkor dela
zaharra derrigor.
Herri bat ez, ordea
zergatik ez aitor
hain zahar dela zeren
sortu zen ez-hilkor.
Ba, hala izan dadin
indar bat dabil hor.

2.
Talde, xede, mugida
han tira, hemen bultz!
Zenbatek uzten duen
arima ta gorputz!
Su hori dena ezin
bihur liteke hauts
begiratzen badugu
helburu bereruntz
gailurra bertan dago
ezin da egin huts.

3.
Gesalak haitzen kontra
haustean hartzen min
aparrak eman dezan
oinetan atsegin.
Gure erronka ez da
hil bat piztu dedin
baizik bizi den zerbait
biziago egin
sentituz geure eta
ondorengoen duin.

4.
Gure aditz gutarrak:
gara, ginen, gaude.
Itsasoa bizi da
lorik egin gabe.
Gauden zu ta ni, denak
olatuen alde!
Argia islatzen da
malkoetan ere
garaipen bat ospatuz
bada hainbat hobe!