Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Ametsez

2023-11-13

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta.
1.
Hiru pisuko etxe handi bat
hondartza aldamenean,
Lurrari bira osoa eman
“Airstream” baten barnean,
igandetako patxada horrekin
bizi astelehenean,
helduaroaz amesten nuen
sarri haurra nintzenean…
Baina ametsak horixe dira
ametsak, azken finean!

2.
Eta “Ametsez ezin da bizi”
kantu baten arabera,
berandu baino lehen ohartzen da
egia hortaz norbera.
Huskeria bat egon liteke
sarri zuritik beltzera,
ni ere azkar igaro nintzen
alde batetik bestera:
nahi sakonenak besarkatzetik
ezinak besarkatzera.

3.
Errealitate zati osoak,
laurdenak edo erdiak
jakin ahala oztopo denak
dira horren ageriak.
Ohartu nintzen behin ez ginela
hain “Ken” eta hain “Barbiak”,
nahiz abstraitzen saiatzen garen
ez ikusteko egiak,
besarkadarik motzenak ere
umel ditzake begiak.

4.
Egia horiei nola aurre egin
deskubritu nahian nabil,
beste aldera begiratuta
ezin bainaiz bizi trankil.
Erantzun bila miatu ditut
zenbait sareetako profil,
ikusi ditut mila albiste
eta Instagrameko “reel”...
Buru barneko ahots xumea
zerbait esan nahian dabil.

5.
Ahots xumeak ez du ordea
buruan asko irauten,
hasten baikara itsu-itsuan
“mass media”-tik edaten.
Diogu: “Zenbat etxegabetze
burutu dituzten aurten!
Zenbat emaitzik gabeko greba,
eskubideen ukapen…
Ados, baina nork onartu du Rauwk
ta Rosaliak utz dezaten?”

6.
Sareetatik kanpo agian
zu zara utzi dutena,
lanean eta ikasketetan
gustora ez dabilena,
beti gainean daraman hori
nobela eskapistena,
zalantza gabe Hogwarts-erako
trena hartuko lukeena…
baina antza denez hori guztia
ez da inporta duena.

7.
Mundu honetan non gailentzen den
betiko aitakeria
kondenatzeko borroka grinez
esnatzen den gazteria,
mundu honetan non bidezkotzat
hartu den zurikeria,
non horren zaila den bereiztea
gezurra eta egia…
Gaitz okerrena ez al da gure
axolagabekeria?

8.
Gure irrifar antzeztu eta
gure ezintasunean
uste nuena baino gehiago
dugu amankomunean.
Beraz arrazoi finez eragin
zarata isilunean,
irakurri zer dion pankartak
hango kale barrenean…
Ametsa soilik ez dadin izan
amets bat azken finean!