Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Metaforen gerratea

2019-06-28

"Gu ta gutarrak" taldea. Igorre, 2007-12-01.
1.
Sarri fikzio konpartitu bat
da errealitatea
baina gutxitan aipatzen dugu
metaforen gerratea
berben jabe izatea
da arma fulminantea...
Zer da adibidez gehiengoaren
nahia ta borondatea?
Ez da ba izango gutxiengoak
nahigabean irautea?
Zer ote dira Zezenbidea
eta Ongiesatea?
Ta Objetibitankea?

2.
Baserritarrak ba ote dauka
hiritargoan lekurik?
Modernoak ez ote dauzkagu
aspaldi zaharkiturik?
Ta denborak aurrezturik
ba al du dibidendurik?
Aurrerabide deitzen duguna
nora doa eta nundik?
Zergatik gauzka iraganari
lotzeak hain izuturik?
Ingurukoei begiratuta
gehiago ikusten ditut nik
geroak harrapaturik.

3.
Karratu samar gertatzen zaizkit
berba borobilegiak;
arruntagoak askoz nahiago
ditu nire hiztegiak;
behetik gorako egiak
eta arrazoi erdiak
Bat eta bera dira niretzat
txanponaren alde biak
Duintasunak badu, bai, lana;
ta usai txarra izerdiak!
Zintzoa banaiz nik ez dakit zer
eskatzen duen herriak...
notiziak ala berriak?

4.
Hitzek gu baino ez ote dugu
hitzak pentsatzea hobe
Geu izan beste inoren berben
oihartzun bihurtu orde;
mundu eta pentsamolde
ezberdinen traduktore
Hitzak itzuli, hitzak itzartu...
hitzalpeetan ez gorde
Hankak zeruan burua bero
bizi gaitezen gero ere
ta eguzkiak argitzen badu
beltz ta etsipen kolore
eman dezagun umore.