Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Oñatiko Señorioa eta Señorak

2023-12-01

III. Señora Sariketako finalean, Oñatin abestutako sorta. Musika: Miren Fernandez.
1.
Agur batekin
bukaeratik hasita
sabela airez
bihotza bertsoz hazita
arratsalde on
señora ta señorita
ta sailkapenik
nahi ez duzuenoi baita.

2.
Identitate
estatus ta kategori
gure herrian
bada hamaika istori
nahiz eta gutxi
interesatu askori
orain artean
kontatu ez den bat tori.

3.
Paradisu hau
bere eliza ta jauregi
pasialeku
kuartel eta lorategi
lantegi handi
edo haitzuloko begi
ederra baina
sinesteko ederregi.

4.
Hamabigarren
mendean hasi zen dena
gutxienean
idatzita dagoena
jauntxo bat bazen
Ladron zen bere izena
gure herria
opari jaso zuena.

5.
Umorez baina
jarri gaitezen serio
historia ez
ofizialak omen dio
lapurreta ta
ondorengotzak medio
aspaldidanik
dala Oñati Señorio.

6.
Dagoeneko
bostehun urte izango da
Arantzazuko
frailekume ta serora
igo zirela
Ama Birjinakin gora
aska dezagun
preso daukaten Señora.

7.
Señorok kristau
horiek baino lehenago
potolo hontan
bizi zen jendea klaro
orduko andra bat
oraindik bizirik dago
Ama Birjina
baino pixka bat gorago.

8.
Aloñapeko
freskuran dauka kobia
beraneatzeko
Anboto baino hobia
Gaiztozulotik
entzuten dago gordia
pameliakin
Anbotoko Señoria.

9.
Errepideak
egin gintuen giputxi
ta nahiz ta konde
kondesa horiek utzi
beste askotan
bezelaxe Mari Lutxi
Oñatin ere
jaun asko eta jan gutxi.

10.
Gipuzkoako
Diputazioan hala
zabaldu zuten
gure herri hau ei zala
probintziarentzat
noblia eta leiala
ba gaur berriro
egin dugu Señoriala.

11.
Gutxi batzuei
buruz ez dakigu ezer
eta kontatu
diguten gutxiri esker
zuzenkeria
guzti hontan batzuk oker
zebiltzalako
dira gure influencer.

12.
Arrikrutzeko
Doña Leonatik hasi
Bollo Saurio
handien bidea ikasi
ta pausoz pauso
erdi laino erdi sasi
gaur egunean
lurreratu gara kasi.

13.
Felipa Urkia
bere bertso bete poltsa
Mikaela ta
Primi Edostarben ahotsa
bai, zuengatik
erantzi dugu gaur lotsa
biluzik gaude
baina ez daukagu hotza
ta bertsoz jantzi
Gaztelekuko oholtza.