2023ko Lazkao Txiki sariketa irabazi zuen sorta, Hitzetik Hortzera saiorako grabatua. Musikariak: Eneko Sierra Lataillade eta Beñat Antxustegi Goikoetxeta.
1.
Autonomia handirik ez ta ez nintzaienez inporta zahar etxean sartu ninduten ene gogoaren kontra. Azkenaldian pasatu ditut hainbeste une gogor ta gorputzez ahul egonagatik odola baitut borborka sekretupean idatziko dut ene azken bertso sorta.
2.
Mailuxa ene gelakidea bizi da oroitzapen zaharrez zimur artean deliriotan aritzen da irribarrez ene izena oroitarazi behar diot zoritxarrez ganbara isil, hotz, hits honetan gaude maitasun beharrez elkar goxatzen saiatzen gara errukiaren indarrez.
3.
Arratsaldeko mahai jokoan handitzen da harrabotsa aski zaharrak izanagatik mihia dugu zorrotza hau egoskorra, hori xuhurra hura gaiztoa, ni motza... Bere azkeneko partida balitz bezala dabil bakoitza tranpa eginik ere ez dugu saihestuko heriotza.
4.
Lehenik musa, gero bingoa ez dugu jokoen faltik partidaren bat irabazita ez gara pozten haatik. Oroitzapenak asmatzen ditut zerbait errateagatik bizitzak eman ez didan dena irudimenak eman dit bizi berri bat amesten baitut gauez lokartu aurretik.
5.
Ohe ondoko mahai ttipian hainbat argazki eta gauza ditut, enetzat bizigarriak oroimena dela kausa. Lehen bezala nahiz ta ez naizen ongi ikusteko gauza familiako potreta hartuta fite ez nezake pausa malko artean gauero kentzen diot ez duen errautsa.
6.
Zahar etxeko erizain eta zaintzaileak lan eta lan amorraturik sentitzen ditut gehienak azken boladan. Ez naiz fidatzen duten irriaz sartu orduko ganbaran iruditzen zait haientzako ni beti nagoela traban amaigabeko tunel ilun bat dute askok begiradan.
7.
Zaintzaile gazte bat etorri zait eta ze goxoki hara “Gau ona pasa” erran ondotik ferekatu dit izara. Keinu huts horrek arras bete nau azkartzeraino taupada oroitarazi baitit horrela, ze pena eta ze ikara, azken urtean ni ikustera etorri ez den alaba.
8.
Seme-alabak hazi nituen maitasunez lehenengoan pentsatu gabe nolako ordaina ukanen nuen geroan. Pastilla hartuta ere gaur ezin lokartu ohe beroan azkenerako ito behar dut hain amesgaizto eroan haiek emanen ez didatena jasotzeko esperoan.