Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

1646

2024-02-22

Señora Egunean abestutako sorta. 1646an Zaldibiako alkateak herrian "pekatuan" bizi ziren emakumeak kartzelan sartzea erabaki zuen; herriko 3 gizoni eskatu zien izenak emateko eta 10 ama ezkongabe sartu zituzten kartzelan.
PDF
1.
Mila seirehun da berrogeita sei
urteko garagarrila:
Zaldibin data seinalatua,
nahiz seinalatuak mila:
Martin Nazabal alkate jauna,
inor epaitzen abila,
pekatu_usaian hasi izango zen
ama ezkongabe bila.

2.
Hiru lekuko deitu zituen,
gizonezkoak hirurak,
sala zezaten zein emakumek
zun halako delitu bat,
ba_al zen neskarik ezkondu gabe
hautsi zituena urak;
errukigabe bota zituzten
hamarren izen-deiturak.

3.
Hamarrak preso hartu zituzten,
bai hartu ere gaiztotzat;
zergatik jakin gabe nozituz
espetxearen morrontzak,
juramentura derrigortuta
arauak ziren zorrotzak,
ta banan-banan egin zituzten
eskatutako aitortzak:

4.
“Barbara_Agirre da nere izena
ta espetxean zergati?
bi alabatxo ari naiz hazten
ez okel ta ez tapaki,
hirugarrena zendu zitzaidan
ahul jaioa izaki,
gure apaiza Martin Olanok
haien berri ondo daki”.

5.
“Maria_Albisu naiz ardatzean
egiten duena lanik,
lehendabiziko alaba eta
gero semea izanik,
Zinkunegitar Pedro zendu zan,
ezkongai segitzen det nik,
eta ez daukat beste_inorekin
haragizko harremanik”.

6.
“Hernandosoro jaunan neskame,
ni naiz Maria Bautista,
gogoz kontrako harremanetan
sufritu nuen ez pixka;
handik ihesi haurra erditu
nuen osasun gutxiz ta,
besoetan hil zitzaidanetik
bizi naiz baina erdizka”.

7.
“Etxekoandre ta nekazari naiz,
ni, Maria Bartzelona,
nerekin Martin Etxeberria
ezkontzekotan zegona,
hori_aginduta bera da haurdun
utzi ninduen gizona,
oraindik badet esposatuko
nauen esperantza ona”.

8.
“Maria Arroiz naiz ardatzean
aritua jai ta aste,
Itsasondoko Juan Iturriotzek
behartu ninduen gazte,
hitza emanda noski nerekin
ezkonduko zela laxte,
baina Mariana Urkia zuen
handik gutxira emazte”.

9.
“Margarita det izena eta
Elizegi abizena,
bizirik daukat alabatxo bat
Pedro Aiestaranena,
bigarrengo hau jaiotzerako
zendu zitzaidan lehena,
ta ezkonduko ginela baina
ondo promesa herrena”.

10.
“Nerekin dauden umeen aita da
Argintzanotar Esteban,
Maria Juaniz naiz, bizi dana
halamuzko egoeran:
beste_alaba bat det Martinekin
izandako ibileran,
kendu_egin zidan eta ez dakit
berriz ikusiko dedan”.

11.
“Iztuetatar Katalina naiz,
ezin det bizi kantari:
bi ume izan ta biak zendu
hara bizitzak zer sari,
birjintasuna lapurtu eta
kontu faltsuak ugari,
noiz ezkonduko garen galdetu
Martin Etxeberriari”.

12.
“Ni naiz Maria Gartzia, oso
gazte zaildutako neska,
nahiz Juan Murua ezkondua zan,
kontu hau gezurra ez ta:
topo eginda haretxek haurdun
utzi ninduen nahiezta,
zortzi_egunekin hil zan alaba
bere sehaskan hauspezka”.

13.
“Ni ardatzeko langilea naiz,
Mariana Mendiola,
bi seme eta alaba hazten
ari naiz, ez dakit nola;
Martin Loinazek maiz engainatu
nau gezurra dariola,
ni sartu naute kartzelan baina
hark merezi du kaiola”.

14.
Beraz, Zaldibin jaso zirenak,
horra hamar testigantza,
garai hartako emakumeen
bizimodu gordin, latza;
bost egunera aske uzteko
ordaindu zuten fidantza,
herriak haiek seinalatuaz
luzatzen zuen behatza.

15.
Hemen aipatu diren gizonak
etxe, kale zein elizan,
andrak zapaldu eta umeak
zaindu gabeak bizitzan,
bortxatzaileak, iruzurtiak,
gizartearen gerizan,
haiek ez ziren gure herrian
inoiz epaituak izan.

Señora Eguna. Soraluze, 2024-02-17.