Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Oraingo gizonak

2024-05-20

"1935-1967 Txapelketa Nagusien antologia kantatua" emanaldian abestutako sorta. Lehenik, 60. hamarkadan Lazkao Txikik botatakoak ekarri zituzten: Ameriketan gizonek platerak garbitzeko sortu zen "moda berriaz". Segidan, Gaztelumendik oraingo gizonei jarritako sorta hau abestu zuen.
1.
Amerikako moda
eta aldarriak
gure sukaldeetara
daude ekarriak
jasotzen ditugunez
kritika larriak
hara bost bertso
bihotz animagarriak
doinu zaharrean gizon
berrioi jarriak.

2.
Kuadro bat hozkailuan
hortxe dago dantzan
ardurak banatuko
diren esperantzan
arraskan ipinita
plateren arrantzan
begira jarri arren
galtzetako mantxan
gutxi ikusi ditut
josten eta plantxan.

3.
Aita-berri gaixoek
a ze dinamika
deskonektatu nahian
hauxe da taktika:
bateko triatloia
besteko crossfita
lagunekin kafea
eta gintonica
haurra bikotearen
besotan utzita.

4.
Martxoaren 8an
zalantzan, ezbaian
inor baino hobeto
kokatuta gaian
hor ibiliko gara
protestan zein jaian
protagonismorik ez
daukagun garaian
zenbat sufritzen degun
erakutsi nahian.

5.
Deserosotasuna
txarra ez da berez
baldin egiten bada
ikasteko xedez
baina zalantzak dauzkat
gure jokaerez
azalberritutako
sugandilak legez
aldatu gera baina
hainbeste ere ez.

Donostiako Antzoki Zaharra, 2024-04-28.

*Ameriketan gizonek platerak garbitzeko hartu zuten joera berriari Lazkao Txikik botatako bertsoak ikusgai, hemen.