Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Publikoari

2024-05-20

Donostian, "1935-1967 Txapelketa Nagusien antologia kantatua" emanaldian abestutako sorta. Lehenik, Xalbadorri publikoak jotako txistualdia ekarri zuten oholtzara. Ondoren, Ibarzabalek entzuleari jarritako sorta abestu zuen.
1.
Ikusiaz Xalbador
bi begiak biltzen
gugan zerbait sortu zen
eta zerbait hil zen
ozena da frontoi bat
txistuka amiltzen
baina ozenagoa
ahots bat ixiltzen.

2.
Geroztik hemen gaude
plazan elkarrekin
txistu haiek estali
nahian barreekin
nahiz ta bertsoro txalo
jotzeari ekin
zu beti ados egon
al zara nirekin?

3.
Jo gabeko txaloa
nola aitzen ez den
ez dugun batasun bat
ai gaude antzezten
entzuna ez baduzu
gehiegi miresten
sumatu izan zaitut
txistua irensten.

4.
Aldarria, grazia
tonu harroxkoa
zuretzat zein ahotan
da baliozkoa?
Tentagarriago zait
zure bekozkoa
txaloaldi bat baino
konpromisozkoa.

5.
Nola fokuak beti
ni argitzen nauen
zuk mutu pasa behar
ordu eta laurden
jakin nahi nuke ea
nahi duzuna hau den
gure harremanean
gustura al zauden.

6.
Nik zure gozamena
bilatzen dut berez
zuk nirea bilatu
dezakezun legez
baina ez gaudenetan
emateko xedez
ez dizut eskatuko
eta zuk ere ez.

7.
Zuk maite ez banauzu
errurik ez dut nik
nik maite ote zaitut?
Ez dakit, berdin dit
inoiz urrundu arren
bestearengandik
batzen gaituen zerbait
badago oraindik.

Donostiako Antzoki Zaharra, Bilintxen menda zikloa, 2024-04-28.