Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Naparrak gara gu ere

2024-09-17

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Labriteko lur arrailatua,
Brocaseko orubea,
Cauteretseko hilotzak ere
sarri izan gaitu beha.
Iraganean utzi ditugu
aizkora eta sugea,
kontzientziei bertsoz eragin
nahi nieke azkurea,
kasu handirik egin ez zaion
kasua baita zurea.

2.
Ithakan zortzi sahats negarti,
Arkadian hiru pago,
egonarriak badaki zer den
hitza jatea berbaro.
Egunak eta gauak ez dira
pasa bezala igaro,
nahiz ta suari egurra bota
ta hezurrei lur gehiago,
mina ezin da ezkutatu ta
ordezkatzerik ez dago.

3.
Urmaelean hogei uroilo,
artadian hamar miru,
esperantzara kondenatuoi
hiltzea al dagokigu?
Sekretupeko karpeta eta
dokumentuen gatibu,
txoria maite duen herrian
isiltasuna ari du,
egiari zor egiari zer
zor diogun ez dakigu.

4.
Argi postean txantxangorri bat
ostertzean zazpi kaio,
bortxatutako malkoetatik
ez da itsasorik jaio.
Guk herri deitzen diogu baina
ze herri ta ze arraio,
begiak ixten zaizkionean
minak ez daki nora jo,
ahanztura lekuz aldatzeari
barkamena deitzen zaio.

5.
Galsoroan sei amilotx urdin,
teilapean bi enara,
Celesen bisai abegikorra,
Patxikuren begirada...
Arrasto baten ilusioa,
aitortza baten zirrara,
estatuaren estolderiei
atximurka ari gara,
itxaropena etorkizunik
badela sinestea da.

6.
Errepidean lau barraskilo,
basoan bost etxabere,
burdina hesi, karea lokatz
ta legerik eza lege,
bolanteari temati heltzen
jarraitzen dugu halere,
zure argia, zure itzala,
zu besarkatzea xede,
burugogor ta egoskorrean
Naparrak gara gu ere.

José Miguel Etxeberria Álvarez Naparraren inguruko sorta. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen. 1980an Iparraldean bahitu eta hil zuten. Ez da haren gorpurik agertu.