Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Denboralea

2024-10-11

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Harreman gabe gure mundua
ez litzake mundiala
lurrikara bat bezala
Pitzatzen gara ta berreraiki
denbora pasatu ahala.
Ez gara haize, baina aisa gaude
astintzeko tenporala
bakoitzak ebatz dezala
natur fenomeno izan edo
fenomeno naturala!

2.
Itsaso zabal bat da bizitza
zakar, bizi edo bare
sumendi zuloen labe
izan gaitezke erre ezkero
kiskaltzeko kapaz are.
Denbora hondar ale den hontan
egun bakoitza da hare.
Beraz, olatuen pare,
goi zein barnera heldu gaitezen
baina inor ito gabe!

3.
Fenomenoak gara guztiok
euri tanta edo txingor
bihotz edo harri koxkor
bakoitzak dauka bere modua
bere helmuga zein tontor,
baina noizean behin iluntzen da
eta dena dugu konkor;
lanbrotzean ez izan gor:
nahiz ez ikusi eguzkia ta
izarrak beti daude hor!

4.
Baina lasai ez da dena gandu
kolpe, bultzada ta tifoi
tarteka nor ez da trumoi?
Bada jendea hitzez ta eskuz
garbi, baina, asmotan lohi...
harreman denak ez dira onak
boladak bolada otoi,
kinka hortan zaudetenoi:
zikloak hautsi, distantzia utzi
ta izango da antizikloi!

5.
Ildo beretik, nola asmatu
zein den harreman txismista?
mozten gaituen arista,
azkar etorri ta azkar joan
uzten gaituena erdizka!
Ekosistema horrek nahiz eta
pozoi gabe sarri zizta
begiak izuz ez kliska:
azkar lehertzen da baina lasai ez
da itzuliko berriz ta!

6.
Psikoanalisi tenporal honek
ditu hamaika oasi,
arantza, lore ta sasi...
busti behar da, beldurrik gabe
libre bizi ta adierazi
bizitza dira bi egun eta
bat euritan dago kasi
denbora doanez bizi
ilargipean kulunka eta
euripean dantzan bizi!