Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Itinerantzian

2025-01-21

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Kontsultara joan zara
zure zain ta toles
guztiak leporaino
kolesterolez.
Zuzendu zatzaizkio,
noski, espainolez;
berak “Kaixo! Imanol naiz!”
egin dizu oles.
Umiltasun noblez,
lotsa dosi doblez,
zoaz betiko lez,
parazetamolez.
Denak dira berdinak
baina Imanol ez.

2.
Begira Gurutzeta
edo Txagorritxu;
halere jarraituko
bazenu itsu:
Imanolek badauzka
nahi haina zerbitzu;
zure konfiantzazko
mediku, intxixu.
Tentsio zein pisu
gehiegiren izu
bazara, abisu
emanda, jakizu:
kontsulta pribatua
pasako dizu.

3.
Berriz korapiloa
daukazu hesteetan,
artatu zaitzatela
ordu estretan.
Gehiegi inbertitu
zen COVID testetan,
aurrezteko itxi behar
zentroak festetan.
Greban, protestetan…
Batzuk taldexketan
nahiz auzi esketan
bildu hainbestetan,
kudeaketa ona
da inkestetan.

4.
Badaezpada haurrik ez
dagizula jaio,
behin bihurtzerakoan
guraso iaio:
zure herri politean,
bere kai ta kaio,
pediatrarik ez dago
baina ze arraio!
Birusen garraio
zenbat eztul saio…
Dalsydun bataio
bat eman ta aio!
Haurrak gogorrak dira;
pasako zaio.

5.
Lehen osasun arreta,
larrialdi, UCI
ta beste hainbat arlo
erdi biluzi.
Aspaldian jarri da
kontua itsusi.
Begi bistara ezin
baduzu ikusi:
kexa orri gutxi
batzuk erakutsi,
zuk minari eutsi,
dakitenei utzi…
Begiak kamamila
urez igurtzi.

6.
Dena dago koloka,
itinerantzian,
asegururik ez da
segurantzian.
Istripu bat gertatuz
gero distantzian,
laster zaude erietxe
baten estantzian:
ez jausi antsian
azken instantzian,
ezin erantzian
zoaz hil-jantzian;
medikurik gabeko
anbulantzian.