Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Deskubritu dezagun mundua batera

2025-03-24

Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Txikiak ginenean
barrez ta txantxetan
pozik zein lotsagabe
hango egunetan
lehen egunerokoa
sortzen zen plazetan
gaur bulego batean
jakin gabe zertan.
Kezkak daramatzagu
sartuta kopetan
agur plazer txikiak
gaurko estresetan
ja ez gabiltza saltoka
lokatz putzuetan;
ahaztuta dugu gure
barruko Peter Pan.

2.
Handiak ta txikiak
bi une, bi banda
malenkoniak berriz
egin dit eztanda
bizi genuen hori
sentimendu landa
beraz apur dezagun
helduaro langa.
Mundua sinplea da
askotan esanda
gogora ekartzeko
badugu demanda
umeen ikuspuntua
sekretua han da
perspektiba aldatzen da
guraso izanda.

3.
Kartoi puska bat nahiko
hiri bat sortzeko
edota itsasoan
hegan murgiltzeko
neguan txanoari
jarri nahian beto
ahoa zabalduta
elurra jateko.
Aita-amatasunaz
milaka foileto
inoiz ez dut izan nahi
guraso perfekto
soilik etxean bizi
pozaren menpeko
hargatik zugandik dut
asko ikasteko.

4.
Etxea txukuntzeko
emanda denbora
ordena mantentzea
ez den arren moda
Playmobil eta Lego
guztiak kanpora
ziztu bizian berriz
gela hankaz gora
egin diezaiogun
kaosari oda
aldatu ikuspegia
sabaitik sotora
lurretik begiratu
egin zazu proba
zorua mundu berri
bat bihurtuko da.

5.
Ordubete baineran
zer ote da hotza?
Euria barra-barra
ta zuk praka motza
ikara entzutean
trumoi baten hotsa
norberaren gaineko
konplexu zorrotza
entzun ezazu zure
barruko ahotsa
inozentziak bertan
du eta jaiotza.

6.
Zergatik ta zergatik
unero galdera
zergatik kea gora
ta euria behera
zergatik aitona ja
ez dator etxera
zer da jaio eta hil
zer bizitza bera?
Jakinmina da bide
baten hasiera
harridurarik eza
magiaren galera
zergatik ez gu gure
logikak haustera?
Deskubritu dezagun
mundua batera.