Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Galdu eta irabazi

2025-04-25

Kirol lehiari buruz bertso sorta hau jarri zuen Iñaki Artolak, bere bertso eskolako ikasleekin abesteko. Musikatuta ekarri dugu Bertsoikasgelara. Entzun eta... izango dugu gero zer hitz egina! Nola bizi dugu guk lehia?
PDF
1.
Galdu ta irabazi
irabazi, galdu
bataren bila eta
bestea azaldu
onenak ere hortik
ez daudela salbu
gogoan izatea
komeniko zaigu.

2.
Tarteka jolastea
oso ondo dago
guk aukeran ordea
jokatu nahiago
musean ere berdin:
txikira hordago!
Hori bai, galtzeko prest
egon beharra dago.

3.
Ekartzen duen arren
batzutan negarra
pena ta zer hobetu
pentsatu beharra
galtzean pizten da maiz
barruko indarra
mingarria da baina
ez da beti txarra.

4.
Batzuk aitzaki bila
beti eta nonahi
bere bikoteari
errua bota nahi
horrela dabilena
nahastuta dabil, ai!
Partida gal lezake
laguna ere bai.

5.
Inorri ez baitzaio
galtzea gustatzen
ni ere aritzen naiz
biraoka ozen
pilota ostikoz ta
harrika botatzen
ta gero pentsatzen dut:
hainbesterako al zen?

6.
Irabaztea dugu
gauza mundiala
poztu eta ospatu
behar den bezala!
Ikusiz saiatzeak
saria daukala
lanean jarraitzeko
balio dezala!

7.
Aurkarien aurrean
bazabiltz saltoka
ez ahaztu borobila
dugula pelota
hurrena zu geratu
zintezke lur jota
beraz, kontuz ibili
gandorra igota.

8.
Biek ere badute
arriskurik berez:
galtzean sentitzea
txar hutsa ahalez
irabaztean berriz
jainko txiki bat lez
bata ez da egia
bestea ere ez.

9.
Kirolak jarri arren
bat bere lekuan
batzuk behean eta
besteak altuan
sari potoloa ez
dator talentuan
baizik eta gozatzen
dugun momentuan.

10.
Kantxa baten barruan
nahiz aldageletan
hau da, jokoan bertan
nahiz harremanetan
guztion helburua
ez al da benetan
onena ematea
zentzu guztietan?

11.
Lehiak ze irakaspen
ta dibertimendu
kantxan hasi ta buka
egingo bagendu
ta beti kirolaren
mugetan mantendu
handik kanpo mesede
gutxi egiten du.

12.
Irabazi ta galdu
galdu, irabazi
bi aurpegiak txanpon
berean doazi
edozein alorretan
nahi badugu hazi
horixe da erronka:
bitatik ikasi.

HITZ EGIN DEZAGUN LEHIAZ

Bertso sorta entzunda, izango dugu gelan zertaz hitz egina, lehiari buruz... Goza dezagun gure arteko elkarrizketaz!

Solasaldirako gaiak

-Bertso bakoitzak mezu bat dakar, norgehiagokaz. Zein da gutako bakoitzari gehien gustatu zaion bertsoa? Zergatik?

-Galtzeari buruz, hala dio Artolak: "mingarria da baina / ez da beti txarra". Bidean, zertan lagundu dezake galtzeak?

-Sortan egoera ezberdinak azaltzen dira, lehiakideen arteko harremanei buruz: errua bikoteari botatzea, garaipena "gandorra igota" ospatzea... Guri ere gertatu al zaizkigu antzeko egoerak? Zein dira gogoan ditugun gertaerak?

-Gustatzen al zaigu kirolean lehiatzea? Zergatik?

-Lehiak, kiroletik kanpo, mesede gutxi egiten duela dio 11. bertsoak. Eguneroko bizitzan, gure artean, zein gaietan nabari dugu lehian sartzen garela, besteak baino hobea izan nahian? Besteekiko konparaketak eta gailendu nahiak, on edo kalte egiten digu?

Errematatzera joan eta... txapa!

Bertso sortan behin jo du pilotak txapan. Akatsak ere bidearen parte direnez eta ikasteko balio dutenez, sorta halaxe uztea erabaki du Iñakik: txapa hots eta guzti. Gure belarriak antzeman al du? 

 

ARTOLA ETA ALTUNA, LEHIAZ ELKARRIZKETAN

Argian Estitxu Eizagirrek lehiari buruz elkarrizketa hau egin zien Iñaki Artola eta Jokin Altuna pilotariei. Irabazteaz eta galtzeaz izandako solasaldi honetxek piztuta jarri zuen gero Artolak bertso sorta, Alegiko bere bertso eskolako ikasleekin abesteko.

 

 

ARTOLA, BERTSO ESKOLAKO IRAKASLE

Hitzetik Hortzera telebista saioan Mirari Martiarenak eginiko elkarrizketa hemen ikusgai, pilotariak bertsolaritzarekin duen harremanaz. Herriko bertso eskolako irakaslea ere bada Iñaki.