Hitzetik Hortzera saiorako jarritako sorta. Musikaria: Manex Pagola.
1.
Dardarka hasi zaizu ezpaina geldi arazi nahi duzu baina antsietateak estutu dizu berriz eztarriko zaina. (bis) Psikologoak erran zizun har zeniezaion tamaina berak hartu aitzin gaina iraganera begira soilik uler liteke oraina. (bis)
2.
Ezin poliki arnastu lasai bi malko ttiki ta begiak blai oroitu zira klasean nola zinen guztieri irrigai. (bis) Irain artean zenbat iseka gorputzarekiko epai umeak umeen etsai hitzez ez zira oroitzen baina sentitu zinuenaz bai. (bis)
3.
Bildu eskuak papo gainera arnas estuak sortu minera lehen musuak ta lehen maitasunak zenbat bizipen minbera! (bis) Lehen harreman heteroetan ilusioen gainbehera ta berriz irudi bera posible al zen harremantzea berdinetik berdinera. (bis)
4.
Barne borroka ez duzu errez oihu bat bota eta ezer ez zenbat alditan isildu ziren urrundu nahian liskarrez (bis) egunak betez hala zabiltza konpainiaren beharrez ardurez, eginbeharrez nahiz eta gaua pasako duzun bakarrik eta nigarrez. (bis)
5.
Barneratu ez ta ezin irten barneko hutsez nahi ta ezin ken hasierako bola ttikia nola haunditzen ari den. (bis) Pentsatzen hasi eta atzean une oro da sufrimen ta ez zinuke jakinen noizbait benetan zoriontsua ere izan ote ziren. (bis)
6.
Bi Lorazepan sartuz ahora azken hatsetan burua gora berriz aintzina egin nahi duzu nahiz eta ez jakin nora. (bis) Zinen haurrari emanez gero sendatu dadin denbora beharko den erritmora zauriek zugan iraunik ere mina desagertuko da. (bis)