41. Basarri Bertsopaper Lehiaketako sorta saritua. Maddalen Arzallusek amona Klarari jarria, haren gustuko doinuan; bertso jarriak abesten zituen amonak.
1.
Santa Mañako alaba zinan senideetan zaharrena, anai-arreba gazteagoek bazizuten miresmena. Askoz gehiago ez det esango, Maria* zendun izena, urteetan gora egindakoan ahaztuko zenuena.
2.
Jakin nahi nuke inoiz bizitzan izan ote zinan ume, goizean hasi eta gauera lana baitzan erdigune. Baserri hura hain zan haundia, nahiz ta harri oro xume, baino bihurtu zenuen zure ahanzturen babesgune.
3.
Hezkuntza ere pasa zitzaizun eztarriz behera trabeska, nahiz ta gehienek esaten zuten abila den gure neska! Lagunduz gero izan ziteken mediku ala maestra!, baserri zahar sasiz janetan eskola biderik ez da.
4.
Ongi badakit aita ere galdu zenutela gazte asko, hola kolpean neskatila bat bilakatzen da andrazko. Hango baratza, hango esne-behi, hango txerri eta asto… Aukeran jarriz gero izango ote zinan maiorazko?
5.
Halabeharrez baserriaren zutabe eta zutarri izan zinan ta ondorenean hamar umetxo ekarri. Aitzurrak eta eskuareak zure eskuen lazgarri… Zer zan bizitza zurea edo zu bizitzaren uztarri?
6.
Hamar haurride azkar esan det… ez dira egiten azkar! Bat besoetan zan ordurako, bere muki bere makar, garai haietan horrelaxe zan, bizitzak beste bat dakar… Baino inoiz egin ote zenuen ohe-jolasetan dar-dar?
7.
Goizean jaiki eta aurrena kafea jarri danentzat, gero bazkatu oiloak, behiak, zakurrak eta aketzak… Baratze-lanak ere bereak ditu etxekoandretzak… Egunak joan eta etorri ta tarterik ez zuretzat…
8.
Asteazkenero Tolosan behera jaisten zinan merkatura, poltsikoetan dirua zuten kaletarrekin tratura. Arrautzaren bat salduta pozik, kafe pixka bat zakura! Zu bezelako emakumeen elkargune al zan hura?
9.
Astean egun batez behinik behin haurrak kendurik altzotik, jaisten zinaten Amezketatik, Bidaniatik, Altzotik… Leku babes bat atera nahian gizarte haren basotik… Zuen hizketen xuxurlak nere belarritara datozkit.
10.
Baino urteak igaro ahala garaiak ziran irauli, bukatu ziran zure merkatu, salmenta eta tertuli. Atzean utziz ukuilu, ximaur, belar-lan eta mandeuli, kalera jaitsi zinan behin eta ez zinan gora itzuli.
11.
Seme zaharrenak Arantzazura, hiru neska Donostira, ondorengoak fabriketara, lana ordaintzen zan tokira. Hamar haurride ta inork ez zion baserri zaharrari tira… Inoiz negarrik egin al zendun sortetxeari begira?
12.
Ondorengoak iritsi ginan, nahiz baserria jatorri, kalekumeetan kalekumeenak, listo ustez, umezorri. Maitasun asko izanagatik hainbat ohitura jatorri, ez ginan mundu hontara zure mainari eusteko etorri.
13.
Baino umetan oroitzen zaitut labanatxo bat patrikan, guk hartutako amuarrainen sabel-barrenei zirikan, ekonomikan goxo erretzeko urdaia sartuta tripan… Geroztik ez det nere bizitzan hain amuarrain onik jan.
14.
Arkakusoak eta zorriak kanpora uxatzearren, menda-belarra erratz bihurtzen zenuen askotan Saarren*. Ze usain gozoa barreiatzen zan hango atari ta barren, ordu betera oilo-zirinez dana zikintzen zan arren.
15.
Nere barruko oroitzapenak joan ahala sendotzen, zuri aldrebes pasa zitzaizun, danak lausotzen, lausotzen. Kaixo Amona, Amagoia* naiz, agurtzen zintudan ozen, baino ez zenuen nere ahotsa haur txiki harekin lotzen.
16.
Sei senideren bigarren ama, hamar umeren zurkaitza, zure bizitza hori izan zan: zaintza, zaintza eta zaintza. Eskerrak behintzat zure barrura iritsi zanean gaitza, jaso zenuen behin ereindako hazi guztien emaitza.
17.
Azkenik guztiz airatu zinan, joan baldin bazinan joan… Barka zaidazu azken uneetan ez baninduzun ondoan. Nik irribarre goxo harekin gordetzen zaitut gogoan, menda-belarrak erratz bihurtzen Saarre* atariko soroan.
18.
Zure hizkuntzan kantatu dizut, zenekien bakarrean, maite zenuen bertso-doinuan eta molde zaharrean. Inoiz, agian, sentitzen banaiz argitasun beharrean, bertso hauekin berriro ikus zaitzadan nere aurrean.