Txirristaka Bertsopaper Lehiaketa irabazi duen sorta. Elkarbizitzari jarria.
1.
Dena zenean hil(,)beltz, urri ta abendu, ez libertate eta ez libertimendu, karea ta beruna ziren nabarmendu, nahiz ordutik berrogei urtera gauden gu, min hau oraingoa da ta min ematen du.
2.
Bihotzei idatzi nahi diet aurpegira, lehendabizi tiro ta ondoren, tira; gure herrian egin duguna hori da, hitzerdika ta beste aldera begira, ahanzturak horrela transmititzen dira.
3.
Denbora tematu da ederra itsusten, puxikak helioz ta zainak porraz puzten. Nahiz haginak zorroztu behar genituzken, mihiak bezatzera behartu gintuzten, isiltasunak ez du arrastorik uzten.
4.
Nola Narzisok bere buruari muxu, harremanei horrela eman diezu su, sineskera guztiak dira arriskutsu, argi ez ikusteak itsutu zaitu zu, niri begiratzean nor ikusten duzu?
5.
Zer gara hutsean huts, kedarrean kedar, tximeleta izan nahi genuen bi beldar! Irrifarrik ezean egidazu negar, dagokidanik ere ez banezake har, dagoeneko ez dut egiarik behar.
6.
Inoren urguilua, norbere bizkarra, zein da arrastoan sartu beharreko marra? Ni ere banaiz aita, semea, senarra, euskaldun, abertzale, euskal herritarra, partidua ez da dudan alderdi bakarra.
7.
Ozpinak kontrakorik ez baldin badio, ez dugu zertan izan ur edo olio; agurtu gabe esan zenidan adio, geratu naiz ez horma ta ez aldamio… Nik gutar izateko ez al dut balio?
8.
Gure iragana da zuri-beltzekoa, koloreak atera arte heltzekoa; nork erabakitzen du nor den etxekoa? Hain jarrera hertsia eta ertzekoa, bidezkoa da baina bide motzekoa.
9.
Antza, zalantza baino ez dabil seguru, bizikidetzak ere indarra galdu du. Zoriak goxatuko baldin bagaitu gu, zerk behar duen bide eta zerk helburu, ez erabakitzea erabaki dugu.
10.
Nahiz kukuak oker jo zigun primaderan, gorrotorik ez denez hauspotu niregan, bi besoak zabalik dituzu aukeran, ez bagara elkartzen gure ibileran, beti izango dugu baina bat soberan.