Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Atso-agureak elkarri zipoka

2019-07-02

Asteasun bazen familia bat, senide asko itsuak zituena. Bizimodua ateratzeko, andre-gizonak bertso-paperak saltzen aritzen ziren kalean. Altzoko Imaz bertsolariak eurentzat jarritako bertsoak abesten zituzten, elkarri handiak esanaz, jendea erakartzeko erostera. *Bideoan Eñaut Agirrek abestuak.
1.
Gizonak
Andria, bertsolari
ederra zera zu,
Jaungoikuak emanda
graziya badezu;
jendia pozez dago
ikusitzeko zu,
Juana Manuela,
así bear dezu.

2.
Andreak
Gogorik eztadukat,
lotsa bestetikan,
orra emakumia
naizen partetíkan;
toreatzen banazu
aldamenetikan,
ederrak aditzeko
zaude nigandikan.

3.
Gizonak
Jeneral oi dirade
pobreak umetsu,
Juana Manuela,
zuk ori badezu;
urtean bat egiten
ortxe darabiltzu,
azitzen itxu onek
naiko lan badizu.

4.
Andreak
Desordenan zabiltza
beti zurrutean,
osasuna galtzen da
famili kaltean;
pixka eztezu bear,
txarroak betean,
ito egingo zera zu
alakon batean.

5.
Gizonak
Oian ere askotan
guk ume-negarra,
zeren gutxi ematen
diozun buIarra;
tximutx bigati lo zu
beti zurra-zurra,
eztadukat zurekin
bizimodu txarra.

6.
Andreak
Bildurrez nadukazu
beti gau guztian,
umea noiz itoko
didazun azpian;
ordituta traketsa
zabiltzan tokian,
orrelakorik zanik
len ez niekian.

7.
Gizonak
Itxuari pegatzen
ezta izaten gaitz,
engañatutzen nazu
jan-otorduan maiz;
usaia adituta
pentsatzen jartzen naiz:
"Jaten ni baño gauza
obeak ari aiz!"

8.
Andreak
Goseak etzaude zu,
gezurra da ori,
ez egonagatikan
eder eta Iori,
sugandilIak jandako
taIua diruri,
beretzako au eziñ
gustatu iñori.

9.
Gizonak
Andreari esana
libre eman nion,
orain aditzen degu
tristiak zer dion;
ain gaiztua nitzanik
nik ez nerizkion,
orain lotsetan nago
nork zer derizkion.

10.
Andreak
Asko nekatzen zera,
nere Pedro Mari,
deskansatu artean
ez geiago ari;
konbeni dana eman
zere buruari,
eta sosega zaitez,
gizarajo ori.

*Informazioa: Alzo'ko Imaz bertsolaria (Antonio Zavala, Auspoa).

 

 

ASTEASUKO ITSUA ETA ANDREA, FESTA JARTZEKO ELKARRI BERTSOTAN

 

Altzoko Imaz bertsolariak sorta asko jarri zituen, Asteasuko senide itsuentzat, plazan saldu zitzaten, bizimodua ateratzeko. Sorta batzuk andre-gizonek elkarrekin kantatzeko jarri zituen, euren hika-mikan jendea erakarri zezan, sortak erostera. 

Hara nola ematen digun honen berri, zehazki, Antonio Zavalak:

"Asteasu'n, lagunik geienak itxuak ziran famili bat izan zan garai artan. Bizi-modua ateratzearren, modu askotara saia bearko zuten noski. Modu oietako hat, bertso-saltzea izan zan. Besteren bertsoak salduko zituzten noski; bañan bai beren buruari ateratakorik ere. (...) andrea ta biak alkarrekin kantatzeko egiñak dira; batzuetan, asarre-itxura egiñez eta alkarri esan-al guziak boteaz; besteetan, berriz, alkarri losintxaz. Gaur asarre-komeria ta biyar adiskide-komeria, alegia. Batera edo bestera, jendeari parre eragin bear zitzaion, sosik bilduko bazan. (...) Imaz'en billoba batek esan digunez, itxu oietako baten andreak, txantxetako bertso oiekin benetan asarretuta, saltzeko zuten bertso-paper-mordo guzia artu ta ibaira bota omen zuan, egun batez, Alegi'ko zubitik beera".

 

 

BERTSO JARTZAILE APARTA, ALTZOKO IMAZ

 

Antonio Zavalak jaso zuenez, bere garaikoek bertso jartzaile onenentzat zuten Altzoko Imaz:

"Aotik aorakoak, lagun artean kantatzen zituan, ez ordea plazan. Etzan plaza-gizona. Jartzeko zuan arek bere doaia. Ta gañontzeko bertsolariak ere aitortzen zioten ori. Pello Errotak onela esaten omen zuan:

-Bertso jartzen, gu ez gera Imaz'en zapata lotzen asteko ere!"

 

Ederra da bertsoak jartzeko lana nola egiten zuen irudikatzen deneko pasartea ere, Auspoako liburuan:

"Sorora, atxurretara edo beste edozein nekazari-lanetara zijoanean, patrikaran lapitza ta papera artuta joaten zan. Ta bertsoa gogoratzen zitzaionean, lanari utzi ta eskribitzeari ekiten zion, baita besabe gañean exerita ere. Bere billoha zaarrenak, Paula, onela esan digu:

-Gu arekin itulen ibiltzen giñan. Ta arek atzetik "Uooo!!!" esaten zuanean, guk ganadua gelditu ta ura apuntean asten zan. Gero "Aidaaa!!!" esaten zuan, ta aurrera berriz ere. "Uo" ta "Aida" ibiltzen giñan denbora guzian.

Beraren amak, berriz, errietan egiten zion:

-Iri eskola aundia ematen or aritu gaituk, eta orain eztiguk lanik batere egiten, bertso eskribitu besterik ez dakit eta!"