Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Besarkada

2019-07-02

2016ko Euskadi Literatura Saria jaso zuen lana. Uxue Alberdiren koplak, Maite Gurrutxagak ilustratuta. Bideoa: Elkar.
1.
Haizea dabil atean,
zakurra zaunka katean.
Egin zaidazu toki txiki bat
zure besoen artean.

2.
Bi besoekin borobil,
bi besoekin oro bil.
Zure sehaskan nire burua
ahaztu nahiean nabil.

3.
Dardar naiz, baina bi esku...
Ingura nazazu estu;
nire gorputzak haize bortitzen
batere beldurrik ez du.

4.
Amapola bat larrean,
belarria bularrean:
bihotza, gaur zu entzun nahi zaitut
mundua entzun beharrean.

5.
Petaloak tximeleta,
lilia azal gordeka.
Biluzik nago, jantzi nazazu
hemen hotzak nago eta.

6.
Ibaiak zubia hil du,
urtu naiz eta amildu.
Askatu eta utzi erortzen,
utzi joaten, baina bildu.

7.
Lore urdin bat negarrez
hasi da ilunabarrez:
marea gora dator, maitea,
bete gaitzala aparrez.

8.
Badatoz haize hegoak,
zure hatsaren beroak.
Utzi uzkurtzen eta laztandu
itzazu nire hegoak.

9.
Haizea naiz eta ura.
Besarkada lurrundu da.
Orain aske naiz, zuri eskerrak
berriz sortu naiz mundura.

10.
Haizea dabil atean,
zakurra zaunka katean.
Nahi al zenuke toki txiki bat
nire besoen artean?