Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Pasaiako plazatik dator notiziya

2026-03-10

Pasaian (Gipuzkoan) herriko festetan, Santiago egunez, zezenak alde egin zuen plazatik eta kalean zebiltzan herritarrek susto galanta hartu zuten; asko zauritu ere bai. Ihesi zihoala, azkenerako zezena arroketara sartu zen eta itsasora salto egin zuen. Herriko zalapartaren berri zabaldu zuen, bertsopaper umoretsu honekin, Xenpelar bertsolariak. Hitzak moldatuta, kantuan eman zuen Mikel Laboak “Bat Hiru” diskoan (1974 Herri Gogoa).
PDF
1.
Pasaiako plazatik
dator notizia
zezen bat atera da
jenioz bizia
kantatutzera noa
bistan ikusia
konsolatzeko triste
dagoen guzia.

2.
Santiago eguna
Pasaian seinale
ailegatu ez danak
egin beza galde
hasieran jendea
zezenaren alde
azkenean ez ziran
arrimatu zale.

3.
Gure Pasaia beti
sonatua dago
errepin gabe ez da
urte bat igaro
hurrengoan jarriko
dituztela nago
barrerak estu edo
zezena handiago.

4.
Toriletik atera
zuten lehendabizi
behi zahar bat gidaria
bandera ta guzi
harrapatzen zuena
porrokatzen hasi
azkenian plazatik
kanpora ihesi.

5.
Hiru komertziante
plazatik kanpuan
fosforo ta barkillo
labana tratuan
pareta egon arren
hamar oin altuan
fanfarroi joanak dira
putzura saltuan.

6.
Horiek horrela ta
gehiago ere bai
lurrean zilipurdi
egin dute lasai
ezkonberriak eta
zenbat dama galai
zezenaren mendean
ez zuten jarri nahi.

7.
Arrokatik putzura
sartu da igeri
burua besterikan
ez zuen ageri
bakeroa begira
bere zezenari
eserita jan ditu
libra ta erdi ogi.