Unai Agirrek 36ko gerrari buruz jarritako sorta; Argia astekarian argitaratua eta Unaiek berak abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
Hernani herri bildua; bizi beharrak zaildua; lanean korapildua. Mila beatzirehun hogeita hamasei triste hartan abaildua; nahigabean amildua; uztail beltzak umildua; tiro hotsek isildua.
2.
Gerrako abioi tutu, lubaki erdi-ezkutu, elkarren aurka estutu... Kanposantuko pareta zaharrek zer ez zuten ezagutu? Zahar eta gazteak juntu, bala errazen jo-puntu; orduan ziren mututu.
3.
Herri honen azpi lotsak, desberdinak guztiontzat, zer indar dun heriotzak! Galarretatik Tellerigaina zeramazkiten hilotzak... hausten zituen bihotzak, eta isiltasun hotzak: gurdiaren negar hotsak.
4.
Herriko jende aparta lurperatu zen hamarka, zapata eta abarka; izeba zenak, izen abizen, esan zizkidan bakarka... falangista eta carca denez oroitzea marka! ta ni mututzea barka...
5.
Suntsitze antolamendu hau da gordean mantendu, nahiz ta seguru gauden gu. Ondarretako kartzela zena gogotikan ezin kendu! Urri, azaro, abendu, itsasoak ekartzen du, baldin entzun nahi bagendu.
6.
Galdutakoen altzora, oroigarri eta lora, jarri duenik asko da. Hor lurperatu omen zituzten berrehun gorputzetik gora; berriz hezurrak kanpora, eraman ziren gerora, norbaitek badaki nora...
7.
Kanpandorreko ezkila; agonian norbait hila, hiru urtez zenbait mila... Hernanin hainbat hildako utziz joan zen Gerra Zibila; askok jarraitzen du bila, eskatuz entzun dadila: GERRAREN OIHU ISILA