Antonio Urbietak bere anaiari ("Kaskazuri" bertsolariari) Ameriketatik bidali zion gutuna da hau. Gutuna bertsotan jasotzeak eragingo zion zerbait anaiari! Abesten ere, bi anaia: Unai eta Eñaut Agirretarrak (Larraitzen, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
1.
Nere sentimentua nai det deklaratu, Ameriketan nago, au ezin ukatu; emen egiñagatik ondo gobernatu, orkuaz egiten naiz asko akordatu.
2.
Onuntz etorri nintzan utzirikan ama, anai-arrebak eta familiya dana, egitiagatikan desio nuena; geroztik triste dabil ai nere barrena!
3.
Amazazpi urtetan banuen segira, neska gazte guziyak neroni begira; lurrik ikuitu gabe gorputzari jira, orduko arintasunak asentatu dira.
4.
Gorputz ederra nuen, dantzari ariña, bañan ez da izaten betiko egiña; emen egiñagatik orain alegiña, ez gera libertitzen orduan adiña!
5.
Orko bizimoduaz oso aspertuak, onerako ziraden gure desiuak; orain atzera berriz orrera pausuak, emen bizi gerade erdi mudatuak.
6.
Despedira dijua sei bertso oiekin, anaia, konformatu orrenbesterekin; nere gustua zer dan nai badezu jakin: beste orrenbeste jarri, aio, Jose Joakin.