Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Txakurkume bati

2019-07-03

Txakurra falta zuela-eta Albizuk jarritako bertso sorta, gertaera azalduz, txakurraren deskribapena eginez eta, aurkitzen zuenari, ekartzeko eskatuz. Sorta Principe de Viana aldizkarian argitaratu zen. Audioa: "Mundu bat bertso" ikasmaterialerako sortua.
PDF
1.
Txakur bat galdu zaigu
izena du "Lagun"
beran billaka nabil
gau eta egun,
aztarrenikan ezin
atera det iñun,
ez dakit ura gabe
zer egin biagun.

2.
Bildurturikan egin
lezaken kaltiaz,
lotuta edukitzen
genduen katiaz,
al zanik ondoena
sabela betiaz,
ez geunden asperturik
jaten ematiaz.

3.
Begiratzen genion
esan deten gisan,
etxia zaindutzeko
aproposa bai zan,
errespeto onekua
berez etorri zan,
beste lanik etzuen
jan, eran ta etzan.

4.
Zein etzun ikaratzen
zan txakur aliak
ta askatzian egiten
zitun zaldaliak,
zaunkaz uxatzen zitun
toriatzalliak,
garbi esango ditut
dauzkan siñaliak.

5.
Mutur zabal nabarra,
beso ankak gorrik,
isatsa kendua ta
moztuak belarrik,
narruzko jantzi beltza,
bi begiyak argik,
letagiñak okerrak
ditu ezaugarrik.

6.
Ama presakua du,
aita alemana,
ijituari tratu
txar asko emana,
burrukari guztien
nagusi dagona,
biartzian badaki
agertzen kemena.

7.
Oietatik sortu zan
gure "Lagun" beltxa,
inork ez dakiela
egin digu martxa,
orrela pamilirik
ezin leike altxa,
obe nuan gizendu
banuen bildotxa.

8.
Jayo zala zituen
laun bat illabete,
bostik etzitun beintzat
oraindikan bete,
gurekin aspertua
zegon nolabaite,
argatik alde egingo
zuen norabaite.

9.
Etzeguan argala
ezta ere astuna,
ni gabe billatu du
bere erostuna,
norbaitek erantsiko
ziyon eraztuna,
daukanak badaki ura
beria eztuna.

10.
Zortzi egun baditu
etxetik galduta,
unuzkero jarri da
gosiak aulduta,
beretzat artu dunak
zarpatik elduta
meserez ekartzala
jabia baduta.

11.
Bateonbatek badu
nunbait ikusiya
edo besten bateri
zerbait ikasiya,
ekartzen didanari
arren notiziya,
berari emango diyot
sari bereziya.

12.
Orduantxen egingo
gerade lagunak,
alkarri meseriak
zor diozkagunak
txakurkume batentzat
bertso auek danak,
ala ere billatziak
emango'izkit lanak.

13.
Naiz ez egonagarren
len zan bezin gizen
bata bestiarekin
konpondu gaitezen,
bide galtzerik gabe
etortzeko zuzen,
beriala esango det
nun bizitzen naizen.

14.
Alde aundiya dago
txarretik prestura,
itz eiyogun alkarri
gizonen postura,
agindutako danak
artzeko eskura,
etorri Tolosa'ko
Txoko ostatura.