Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Plaza

Lanak filtratu:

Denak (201) Bakarkakoa (35) Ofizioa (129) Taldean (18) Puntu erantzuna (3) Azken aurreko puntua (0) Azken puntua (0) Puntuka (0) Atzekoei kantari (16) Hitza emanda (0)

Bizilagunari kamiseta erori zaio propio tenderetera

Bizilagunak zarete, eta Josune, zu Izarorengana hurbiltzeko aitzakia bila zabiltza beti. Gaur arropa eskegitzen ari zarela kamiseta bat erori zaizu bere tenderetera.
Gai jartzailea: Maite Berriozabal
Bertsolariak: Josune Aramendi, Izaro Bilbao
Saioa: 2022-05-22 Markina-Xemein Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Aita Santua Ametsi ate-joka

Ametsek Ibhaima Balderekin Miñan izeneko liburu bat idatzi du. Eta sekulako arrakasta eduki du liburuak. Aita Santuak ere leitu du eta asko gustatu omen zaio. Amets etxean dela, norbaitek atea jo du. Ireki du Ametsek atea, nor izango eta… Aita Santua bera!
Gai jartzailea: Karlos Aizpurua
Bertsolariak: Amets Arzallus, Andoni Egaña
Saioa: 2022-05-14 Oiartzun Lagun-artekoa

Bertsoaldia ikus-entzun


Espioia, bertsolariari txapelketako berri ematen

Espioia izatea modan dago, eta zu espioi bat zara Unai. Ametsek kontratatu zaitu. Kontua da, udazkenean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hasten dela, eta Ametsek irabazi egin nahi du. Unai kontratatu, eta dena jakin du: ze gai mota jarriko dituzten, zertan dabiltzan gainerako bertsolariak, nortzuk biltzen diren, ze ariketatan… Ibili zara ikerketa lanetan, eta gaur da Ametsi ikertutakoa azaltzeko eguna.
Gai jartzailea: Irati Erkizia
Bertsolariak: Amets Arzallus, Unai Iturriaga
Saioa: 2022-05-14 Bilbo Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Guraso baikorra eta guraso ezkorra

Zu, Haira, beti pozik egoten den pertsona horietako bat zara, edalontzia erdi beteta ikusten duzu beti, biziari irri egiten diozu. Zu, aldiz, Kerman, basoa erdi hutsik ikusteaz gain, negatiboa zara beti. Bikotea zarete, eta zuen alabak berriro ere platera hautsi du afarian.
Gai jartzailea: Aimar Karrika
Bertsolariak: Kerman Diaz, Haira Aizpurua Ibargarai
Saioa: 2022-05-13 Senpere Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Supermerkatuan dietan dagoen bezeroa eta gozoen apalategia

Zu Unai, supermerkatu haundi bateko gozoen apalategia edo erraia zaitugu. Eta zu Oihana dieta baten erdian dagoen bezeroa. Tentaldiari eustea kostatzen zaion pertsona horietakoa. Eta atea zeharkatzen duzun aldi oro “Oihana!”. Hor duzu Unai, gozoen erraia deika. Dieta baten erdian gainera, beraz, inoiz baino ozenago entzuten duzu “Oihana!”. Edozein modutara zu konbentzitzen saiatuko da. Baina zure estrategia garatua duzu tentaldi horri ihes egiteko ere, “Oihana!” ja bafleetatik aditzen duzu iPhonean ipodak jarri eta musika aditzen duzun bitartean erosketak egiten ari zara baina...“Oihana!” Eta kaskoak bateriarik gabe dituzu! Nork irabaziko du supermerkatuan?
Gai jartzailea: Aimar Karrika
Bertsolariak: Oihana Iguaran, Unai Agirre Goia
Saioa: 2022-03-26 Izpura Berezia

Bertsoaldia ikus-entzun


Korrika-ren okurrentzia izan duena eta AEK-ko burua

Etxahun, Euskal Herrian barrena etenik gabeko lasterketa bat egitea otu zitzaion AEK kide hura zara. Zu, Miren, AEKko buru nagusia zara, eta hor datorkizu inuzente hau, horrelako ibilera hori proposatuz.
Gai jartzailea: Ander Ezeiza
Bertsolariak: Miren Amuriza, Etxahun Lekue
Saioa: 2022-03-11 Portugalete Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Tinderreko hitzordura bidean bikote ohiaz topo

Miren, Tinder bidez ezagutu duzu norbait eta astebetez egun eta gau hitz egiten aritu ostean, gogotsu bezain urduri abiatu zara gaur Zarautzetik Donostiarantz. Izan ere, San Telmo museoan dagoen “Baginen bagara” erakusketa bisitatzea erabaki zenuten zuen lehenengo zitan. Bertan ezagutuko duzue elkar aurrez aurre. Errepidean zoazela baina, bide bazterrean auto bat ikusi duzu geldi. Eta kanpoan eskuak altxa eta laguntza eskatzen ari den norbait. Autoa gelditu duzu bide bazterrean eta autotik irten bezain laster ohartu zara Saioa ezagutzen duzula, eskuak altxatzen ari dena. 15 urtetik 30 urtera arte zure bikotekidea izan zen Saioa. Beste gauza askoren artean astuna, intentsoa eta oso erromantikoa zelako utzi zenuen. Berarengana gerturatu zarenean, honela esan dizu Saioak. “Joe, merezi izan du autoarekin bazterra jotzeak, horrek zu berriz ikustea esan nahi badu”.
Gai jartzailea: Maite Berriozabal
Bertsolariak: Saioa Alkaiza, Miren Artetxe
Saioa: 2022-03-05 Donostia Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Musikaria eta aspaldi hartu ez duen gitarra

Oihana musikaria zara. Kantatzen duzu, Youtubera igotzen dituzu kantuak, badituzu jarraitzaileak... Baina zure lanarengatik oso utzia duzu hori. Ez duzu denborarik zure pasioa aurrera eramateko. Ordenagailutik begia kendu ezinik zaude, bi metrotara Onintza gitarra duzula.
Gai jartzailea: Unai Elizasu
Bertsolariak: Oihana Iguaran, Onintza Enbeita
Saioa: 2022-02-19 Lezo Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Amak semeaz zituen espektatibak

Guraso batek beti egiten ditu aurreikuspenak seme-alabak nolakoak izango diren. Zuek ama-semeak zarete. Maialen, nolakoa irudikatzen zenuen izango zela zure semea? 40 urte ditu eta, espektatibak bete al dira?
Gai jartzailea: Amaia Agirre
Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia
Saioa: 2022-01-22 Tolosa Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Seme-alabei dena emateaz

Bikotekide eta guraso zarete. Nahi zenuten guztia ez zenuten izan umetan. Orain guraso moduan Aitorrek dena eman nahi die bere umeei, ez die ezezkorik entzunarazi nahi berak entzun behar izan zuen bezala. Igor ez dago horrekin ados.
Gai jartzailea: Naroa Sasieta
Bertsolariak: Igor Elortza, Aitor Mendiluze
Saioa: 2022-01-04 Amurrio Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Katagorri biltzailea eta hartu ahala jaten duena

Udazkena uzta sasoia da, eta zuek basoan zaudeten bi katagorri zarete, bi urtxintxa. Ikerrek fruta hartu ahala jan egiten du, eta Maialenek negurako jasotzen du.
Gai jartzailea: Jon Gurrutxaga Urbieta
Bertsolariak: Maialen Akizu, Iker Zubeldia
Saioa: 2021-10-22 Errezil Lagun-artekoa

Bertsoaldia ikus-entzun


Zer da borroka eta zer da bidea?

Aspaldi entzuten zen esaldia zen “Borroka da bide bakarra”. Orain aldatuta dago esaldiaren esanahia eta baita borrokarena ere. Zuentzat zer da borroka eta zer da bidea?
Gai jartzailea: Saroi Jauregi
Bertsolariak: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi
Saioa: 2021-08-20 Donostia Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Hiltzera doan poetarekin hizketaldia, hil eta gero ote dagoenaz

Hitzak aukeratu eta nahastu, poetak bizitzari buruz pentsatzen du. Azkenaldi luzean, ordea, hiltzearen trantzeaz ari da hitzak aukeratu eta nahasten. Izan ere, orain gutxi iragarri diote, aste batzuk gora aste batzuk behera bere azken bidaiarako data. Poeta hizlari ona da, entzule hobea, eta herrian denek dakite hizketarako den edozeinen esperoan egoten dela. Osasunak eta udako eguraldiak tregua emanez gero, arratsaldeko seietatik aurrera, etxe zaharreko balkoi handian, manta altzoan, egunetik egunera itzaliago, baina oraindik tertuliarako gogoz. Poeta baino 40 urte gazteago zara, Maialen, eta balkoian bere parean dagoen aulki hutsean eseri zarenean, hitz hauek esan dizkizu, erdi ahopeka, bihurri-bihurri, sekretu txiki bat balitz bezala: “Ez nau izutzen negu hurbilak uda betezko beroan”. Eta zuk erantzun, jostari: “Dakizulako irauten duela orainak ere geroan”.
Gai jartzailea: Ainhoa Aranburu
Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña
Saioa: 2021-06-19 Donostia Berezia

Bertsoaldia ikus-entzun


Gaztea heriorekin dantzan

Gaztetan, bizitzaren luze-zabalak zer forma hartuko duen imajinatu ere ezin dugun garai horretan, burua arin eta axolagabe, nork ez du egin, esan ezazue zintzo, heriorekin dantzan? Andoni, herio. Miren, gaztea. Dantzan ari zarete.
Gai jartzailea: Ainhoa Aranburu
Bertsolariak: Miren Amuriza, Andoni Egaña
Saioa: 2021-06-19 Donostia Berezia

Bertsoaldia ikus-entzun


Online ezagutu duzue elkar; lehen telefono elkarrizketa duzue

Online ezagutu duzue elkar. Goiz eta gau aritu zarete elkarrekin hitz egiten, eta gustura, baina ez duzue elkar ezagutzen, ez zarete egon aurrez aurre, bakoitzaren argazkirik ere ez duzue. Maddi Ane egunak daramatzazu pentsatzen Maialeni deituko ote diozun. Ez dirudi Maialen horretara ausartzen denik, baina hala ere deitu egin diozu. Dei hori entzungo dugu. [Elkarri bizkarra emanez kantatzeko eskatu zien gai-emaileak].
Gai jartzailea: Maite Berriozabal
Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Maddi Ane Txoperena
Saioa: 2021-05-06 Donostia Berezia

Bertsoaldia ikus-entzun


Bikiak umetokian

Umetoki berean zaudeten anai-arreba bikiak zarete. Geroz eta handiagoak zarete, geroz eta leku gutxiago duzue lasai egoteko eta elkar ukitzen hasi zarete.
Gai jartzailea: Maialen Belarra
Bertsolariak: Sustrai Colina, Irati Majuelo
Saioa: 2021-04-30 Irurtzun Berezia

Bertsoaldia ikus-entzun


Zapata pare zaharra eta berria

Etxe eta jabe berdina duen zapata pare bi zarete. Zu, Maialen, orain dela 10 urtetatik bizi zara etxe horretan. Baina balkoian lehortze prozesuan zaudela, hortxe agertu da Unai, zapata pare berria.
Gai jartzailea: Igor Galarza
Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga
Saioa: 2021-04-29 Abadiño Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Bikote oihak, zahartuta, supermerkatuan elkarren karroei begira

Gaztetan bikotea zirenean, zahartzaroa urrun ikusten zuten. Baina zahartu dira eta supermerkatuan topo egin dute. Elkarren karroak analizatzen ari dira.
Gai jartzailea: Ainhoa Urien
Bertsolariak: Jone Uria Albizuri, Unai Iturriaga
Saioa: 2021-04-24 Zaldibar Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Alkoholemian ertzaina konbentzitzen, elkarri oinak emanez

Bi lagun, gaur ere sagardotegitik datozenak; dena esan behar bada asko xamar edanda. San Martingo plazara iristean argi urdinak, triangulo batzuk… eta “Alto!” Ertzaintzaren alkoholemia kontrola tokatu zaie. “Nondik zatozte? A ze itxura duzuen! Zer da usain hori?” hasi zaie ertzaina. Aterabide bakarra dute: ertzaina konbentzitzea. Baina bakarka hitz egiten nahiko konplikazio dute eta elkarri lagundu beharko diote, batak besteari bertsorako oinak emanez.
Gai jartzailea: Aitzol Barandiaran
Bertsolariak: Iker Zubeldia, Eneko Araiztegi "Korta"
Saioa: 2021-03-27 Ataun Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun


Erretzaileen haserrealdiak

Andoni, Unai, zuen erretzaile izateari umoretik kantatu izan zaio ia beti esango nuke. Baina izango zenituzten zuen haserrealdiak legeen ondorioz, edo erretzeko premia jasan ezinak, ezta?
Gai jartzailea: Amaia Agirre
Bertsolariak: Unai Iturriaga, Andoni Egaña
Saioa: 2021-02-06 Pasaia Jaialdia

Bertsoaldia ikus-entzun