Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Bertsolari Eguna 1993 - Ibarra, Lujanbio, Arozena

2025-02-27

1993ko Bertsolari Eguna, Donostiako Victoria Eugenia antzokian ospatu zen. Oholtzan belaunaldi ezberdinetako bertsolari gizonezko askok abestu zuten. Saio amaieran, 3 bertsolari emakume gazteri eman zitzaien txanda: Iratxe Ibarra bizkaitarra, Maialen Lujanbio gipuzkoarra eta Estitxu Arozena nafarra.

Bertsolari Egun hartan, hiru emakumeok egin zuten bertsoaldi hau esanguratsua egin da gerora, "bertsolaritzako une mitikoetako bat" izateraino: oholtzan sinbolizatzen zuen berritasunagatik, bertsolarien mezuengatik, gerora hiru bertsolariok egin duten ibilbideagatik...

1993ko Bertsolari Egun hura esanguratsua izan zen, beste bi motiborengatik ere...

 

Bi omendu berezi eta Lazkao Txikiren azken saioa

Lazkao Txikiren azken bertso saioa izango zen huraxe; plazan ez zuen gehiago kantatuko, bihotzeko gaixotasunez hilko baitzen laster. Bideoan ikus genezake, oholtzan, atzean eseritako bertsolarien artean.

Bestetik, garai hartan, Bertsolari Egunetan aldiro omentzen zen bertsolaritzari ekarpena egin zion norbait. 1993ko Bertsolari Egunean, bi kide omendu ziren: bat Alfonso Irigoien Euskaltzaina zen, 1960ko hamarkadan bertsolari txapelketen antolakuntzan lan esanguratsua egina, eta epaile eta gai jartzaile lanetan aritua. Beste omendua Santi Onaindia zen, bere garaian bertsolaritzaren ikertzaile nagusietako bat, batez ere bertso idatzien zale eta aztertzaile izan zena eta Bizkaiko lehen txapelketetan epaile izana. 

Bideoan ikus ditzakegu, atzean eserita zeuden bertsolarien artean, Ibarra, Lujanbio eta Arozenaren bertsoaldia entzuten. Saioa amaituta, hiru bertsolariek agurtzen dituztenak dira bi omenduak.