Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Astoa ikusi nuen

2026-03-06

Zarauzko ikastolan, 1972-73 ikasturtean, egindako kantua da: Joxean Ormazabal idazlearen bertsoekin eta Imanol Urbietak musikatuta. Kantu ezaguna geroztik, eskola guztietan.
PDF
1.
Astoa ikusi nuen
betaurrekoekin
buruan txapela eta
gabardinarekin.
Ile luzea eta
bigotearekin
hizketan egon nintzen
atzo berarekin.

2.
Astoak esan zidan
triste zegoela
oso zatarra zela
bere ikastola
berak gure gelara
etorri nahi zuela
gure artean ondo
konponduko zela.

3.
Baietz esan nion nik
lasai etortzeko
arkatza eta bloka
dendan erosteko
astoa izan arren
trankil egoteko
asko ikasi eta
txintxo portatzeko.

4.
Astoa etorri zen
hurrengo goizean
jantzi polit bat zeukan
jantzirik soinean.
Maixuak esan zion:
“eseri lurrean
astotxo ez baitzera
kabitzen mahaiean”.

5.
Hondartzako eguna
iritsi zenean
astoa portero eta
denak futbolean.
Baloi batek jo zuen
astoa buruan
lurrera erori zen
hiltzeko zorian.

6.
Azkar deitu zioten
sendagileari
baita Donostiako
anbulantziari.
Orain klinikan dagon
asto gaixoari
esan nahi genioke
“lehenbailehen etorri”.

Kantuaren berri

Zarauzko ikastolan (Gipuzkoan), 1972-73 ikasturtean, irakasle talde sortzailea elkartu zen.

Haietako bat Imanol Urbieta musikaria zen eta haur kantuetarako hitzak eskatzen zizkien lankide zituen idazleei: Joxean Ormazabal, Andu Lertxundi, Juan Martin Elexpuru.

Bertso hauek Joxean Ormazabalek jarri zituen, doinua ere propio aukeratuta: “Hitz egin zionian” aire herrikoiaz.

Imanol Urbietak kantu egin eta “Haur kantarien birlorak” liburuxka eta kasetean argitaratu zuen
(1974. Elkar-G.I.E.). Eskoletan ezagun egin zen oso.