Unai eta Eñaut Agirreren ordubeteko emanaldia, 15 sorta biltzen dituena, Joxean Goikoetxeak eta Imanol Kamiok musikatuta. Subijana Etxean grabatua, 2020-07-09an.
1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du sorta honek. Garaipena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Tilosetan eta Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean.
Bertsoa plazan soilik ez, eguneroko bizitzako espazioetan topa zitekeenaren seinale dira Joxepa Inaxi Elizegi eta Plazida Otaño bertsolarien bat-bateko perla hauek, albotik ekindako ziriei errespuestan, umorez. Tartean, Txirritari emandako erantzuna ere bai.
Hondarribiko Joxepaz dakigun apurra, Bilintxek jarritako sorta honen bidez iritsi zaigu: "Hondarribi aldian aditzen genduen/ dama bertsolari bat nola bazeguen/ zeinak Euskalerrian parerik ez zuen". Sona haiek egia ote ziren jakin nahian, Joxeparekin probatzera joan zen Bilintx... Joxeparen bertsorik ez zaigu iritsi, ordea, tamalez. Maialen Lujanbiok emango dio errespuesta Bilintxi, Joxeparen ahotik.
Hiltzaileak, Joxe Larrañaga Juaristi mendarotarrak, kartzelan zegoela heriotza zigorraren zain (1826), bertsolari bati enkarguz jarrarazitako sorta beltza da hau, bere ibilera odoltsuaren berri ematen duena.
Martin Larralde "Bordaxuri"k jarritako sorta, 1815ean, Paueko presondegian, bizi guztirako galeretara kondenatu zutenean. Aitak salatu zuen, nonbait, hilketa bat egotziz semeari; aita-semeak baserriaren erentziagatik liskarretan zebiltzan. Gertakari ilun horien bere testigantza utzi zuen Larraldek sorta honetan. Pantxoa eta Peiok abestua (1969). Bideoaren iturria: Elkar.