Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Bertso-eskoletarako material berria sortzen ari gara

2024-10-07


Epe luzeko proiektua da, sortu ahala argitara ematen joango garena. Entzungai ditugu Iparraldeko bertsolariek jarritako sorta musikatuak.

Ikasturte berriaz bertso-eskolak ere martxan dira 7 herrialdeetan. Euskal Herri mailako azken datu bilketaren arabera, 119 herritan 1.055 haur elkartuko dira asterokoan 89 irakasleren eskutik bat-batean trebatzeko. Helduen taldeetan 450 lagun ariko dira entrenatzen zein herriko bertso saioak antolatzen.

Materialari dagokionez, Bertsoikasgela.eus atarian haurrekin bertsolaritza lantzeko zientoka baliabide ditugu; Bertsoeskola.eus atarian, berriz, gazte eta helduentzat beste hainbat baliabide ere bai: hasiberrientzat kartak eta ariketak, errimategia, gaitegia, bertso sorta musikatuak, bat-bateko bertsoaldi hautatuak eta hitzaldiak...

Urtetako sormen lan horri jarraipena emanez, urrats berri bat eman nahi dugu datorren zikloan, eta bertso-eskoletan 9-18 urte bitarteko haur eta gazteekin baliatzeko materiala sortzen ari gara. Epe luzeko proiektua da, adinka eta zailtasunaren arabera mailakatuta antolatuko dena, formatu ezberdinetan sortuko dena, eta bertso irakasleek egingo dutena.

Material berri honen helburuetako bat ere bada, bereziki, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuako bertso-eskoletarako egokia izatea (hizkuntzaz eta erreferentziaz); horregatik, sorkuntzan buru-belarri ari gara Bertsularien Lagunak Elkarteko irakasle taldean. Urtez urte argitara ematen joango gara sortzen ari garena eta, amaieran, material guztiek barne koherentzia eta osotasuna izango dute.

 

Iparraldeko bertsolarien sorta musikatuak entzungai!

 

Ikasturte berriaz, entzungai ditugu Iparraldeko bertsolariek jarritako sorta musikatuak. Guztira 16 sorta dira, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako bertsolariak ezagutzera emateaz gain doinutan eta hizkuntzan kolorea dakartenak.

Sortak Odei Barrosorekin Alkimia Produkzioak estudioan grabatu ditugu, Ainhoa Sarasuak eta Beñat Larroryk abestuta. Ahotsak musikaz laguntzen aritu dira Ainhoa Elizondo eskusoinuaz, Aner Euzkitze pianoaz eta Ainhoa Sarasua gitarraz.

Materiala eskuragarri dago Bertsoikasgela.eus atarian “bertso sortak” atalean eta Bertsoeskola.eus atarian “bertso jarriak” atalean.

 

SORTA MUSIKATUAK

 

9-11 urtekoentzat

12-13 urtekoentzat

14-15 urtekoentzat

16-18 urtekoentzat

Iturria: www.bertsoeskola.eus