Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaioa da, 1992ko abuztuaren 8an. Euskal Ikasketak egin ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Gasteizen; Gizarte Antropologiako Masterra (EHU, Donostia), eta Ikasketa Feministak eta Generoko masterra (EHU, Leioa-Bilbo) burutu ditu gero. Bertsolaria eta idazlea da. Bertsolaritza eta idazletza, ikerkuntza eta irakaskuntzarekin uztartzen ditu. Bertso irakaskuntzan jarduna da Usurbilko Bota Punttua, Lasarteko Earra eta Donostiako Doka bertso-eskoletan. 2016an, Txakur Gorria sormen kolektibo enpresa eratu zuen Mariñe Arbeo Astigarraga, Malen Amenabar Larrañagar eta Nerea Ibarzabal Salegirekin batera (2016-2021); autosorkuntza, autoedizio eta autoekoizpen proiektuak garatzeko ez ezik ikusentzunezko proiektuen gidoigintzan jarduteko aukera eman zion horrek. Bere garaiko bertsolari ia guztiak bezala, lurraldeko ...
Ikusi gehiago
Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaioa da, 1992ko abuztuaren 8an. Euskal Ikasketak egin ditu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Gasteizen; Gizarte Antropologiako Masterra (EHU, Donostia), eta Ikasketa Feministak eta Generoko masterra (EHU, Leioa-Bilbo) burutu ditu gero.
Bertsolaria eta idazlea da. Bertsolaritza eta idazletza, ikerkuntza eta irakaskuntzarekin uztartzen ditu. Bertso irakaskuntzan jarduna da Usurbilko Bota Punttua, Lasarteko Earra eta Donostiako Doka bertso-eskoletan. 2016an, Txakur Gorria sormen kolektibo enpresa eratu zuen Mariñe Arbeo Astigarraga, Malen Amenabar Larrañagar eta Nerea Ibarzabal Salegirekin batera (2016-2021); autosorkuntza, autoedizio eta autoekoizpen proiektuak garatzeko ez ezik ikusentzunezko proiektuen gidoigintzan jarduteko aukera eman zion horrek.
Bere garaiko bertsolari ia guztiak bezala, lurraldeko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan hurreratu zen plazara, eta horietan eta han-hemen antolatzen diren bertsolari gazteentzako sariketetan eman dio jarraipena bide horri. Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2008an, eta hainbat sariketetako txapela jantzi du orduz gero: Berritxu, Hernandorena, Osinaldi, Udarregi, Lizardi ...
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 2011an hartu du parte lehenengoz, eta finalista izan da 2019ko eta 2024koetan. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan , berriz, 2022koan hartu du parte lehen aldiz, eta finalaurrekoetara heldu da.
Bat-bateko bertsogintza ez ezik, Eskolarteko haietan hasita, asko ari da jorratzen bertso jarrien alorra, dela lehiaketetara aurkezteko -lehen saria jaso du Ibon Zabala, Lazkao Txiki, Basarri, Balendin Enbeita, ... bertso-paper lehiaketetan- edo beste era batera argitaratzeko, "Zirrikituak" bertso jarri bilduma kasu.
Ikasketek eta bere kezkek bultzata, bertsolaritzan garatutako umorea genero ikuspegitik behatutako bi ikerlan burutu ditu: Gizarte Antropologiako master amaiera lan gisara lehenengoa (2017), eta Ikasketa Feministak eta Generokoak master amaiera lan gisa bigarrena, 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari behatuz hau. Horrez gain, Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen (UEU, 2019) liburua koordinatu du Miren Artetxerekin batera, eta Algara mutilatuak, umorearen aho bikotasunaz, feminismotik (Susa-Ehaze, 2021) saiakera argitaratu du bi urtera.
Bertsolaritzaz at, idazle gisan, literaturaren arlo guztiak lantzen ari da: ipuingintza, eleberria, olerkia, komikigintza, antzerkia, narrazio ilustratuak, ... iRRiA aldizkariko Pirritx, Porrotx eta Marimototx atalaren idazlea da.
Ikusi gutxiago