Hernanin behia erosi du Frantzisko Xenpelarrek, baina ez dauka itxura ederra gajoak... Bederatzi puntuko neurrian idatzitako sorta umoretsua, Eñaut Agirrek abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
1893an Azpeitian sari bat jarri zuten, oso ezaguna egin zena gerora. Pello Errotak irabazi zuen. Dirudienez, saria bertsolari artean banatzeko hitz eginda zeuden aurrez, baina Udarregik ez zuen xoxik jaso. Haserraldi galanta sortu zen, bertso jarriak ere bai asko, elkarri handiak esanaz. *Bideoan Eñaut Agirrek kontatu eta kantatuta.
Asteasun bazen familia bat, senide asko itsuak zituena. Bizimodua ateratzeko, andre-gizonak bertso-paperak saltzen aritzen ziren kalean. Altzoko Imaz bertsolariak eurentzat jarritako bertsoak abesten zituzten, elkarri handiak esanaz, jendea erakartzeko erostera. *Bideoan Eñaut Agirrek abestuak.
Pello Errota eta bere seme Miel Antonen arteko zirika-errematea. Erreka tartean dutela, alde batean Pello eta bestaldean semea astoarekin, urak zeharkatu ezinda. *Bideoan Eñaut Agirrek kontatu eta kantatuta.
Erantzun kolpe galantak ematen artista zen Zaldibiko "Artxanberri". Eñaut Agirrek kontatu eta abestuko dizkigu ondo (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
Pedro Mari Otañok eta bere osaba Jose Bernardok harreman estua zuten. Pedro Mari Amerikara abiatzerakoan, osabak bertsotan esan zion itzultzen zenerako bere ohea hemen izango zuela prest. Amerikatik badator Pedro Mari; etxeko ate aurrean bertsotan hasi zaio osabari... *Bideoaren egilea: Anbune.
Errenteriako Ehun (edo oihal) Fabrika Handian egin zuten lan 4 bertsolari ezagunek:
Xenpelartarrek (Juan Frantzisko, Maria Luisa eta Joxepa Anttoni) eta Muxarrok.
Fabrikan erretzea debekatuta zegoen, antza, eta Muxarro hor ari zen, ezkutuan, pipari tiraka.
Hara nola hasi zaion kargu hartzen Juan Frantzisko Petrirena Xenpelar, enkargatu paperean...
Bazen Lasarten herri bertsolari bat, Joxe Miel, oso elizkoia, "Kristo" esaten ziotena. Baina gaizki-esaka aritu zale ere bazen eta, behin, "Motza"gatik handi xamarrak esan omen zituen. Zeharo muturtu zitzaion "Motza", eta bertso hauek jarri zizkion... *Bideoan Eñaut Agirrek abestuta.
1912ko abuztuaren 12ko galernan 143 arrantzale hil ziren; gehienak, bermeotarrak. Hondamendi hark utzitako alargunei eskainitako kantua da hau. Hitzak Uxue Alberdirenak dira, eta Bermeoko bertso saioan abesteko eskatu zitzaion (2018-09-10).
Basarrik "Aitonaren malkoak" sortan emakumearen faltak hartu zituen hizpide. Eta Inaxi Etxabek "Basarriri erantzuna" jarri bueltan. Gertaera eta bertso haiek ekarri zituen gogora Zarauzko bertso-eskolak (2013-07-18).