Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB | Bertsoikasgela Bertsozale Elkartea
Bilaketa lupa Bertsoeskolak Bertsoeskolak

Lete Bergaretxe, Xabier

IzenaLete Bergaretxe, Xabier
JaiotzaOiartzun / Gipuzkoa (1944)
Heriotza2010

Biografia

Oiartzunen jaio zen 1944an. Kantaria, kantugilea, eta batez ere poeta handia da Lete. Ez Dok Amairu taldeko sortzailea, kontzientzia astintzailea, polemista, inkonformista, erosotasun guztien gainetik bere ideiak defendatu dituena eta lan ezberdin askotan beti kalitatezko maila eman duena. Frantziako 'chançon' berriaren eredua jarraitu du nagusiki. Bere eragina handia izan da euskal kulturan. Autodidakta erabatekoa, bai musikalki, bai literarioki, musiko handia izan gabe kantu zoragarriak egin ditu, Doctor Deseok, Mikel Laboak eta beste askok bertsionatu dituztenak. Bereak dira Euskal Herriaren ondare diren kanta asko: 'Izarren hautsa', 'Xalbadorren heriotzean', 'Nafarroa arragoa', 'Gizon arruntaren koplak', 'Euskalerri nerea' eta zenbat gehiago ez! 1968an atera ... Ikusi gehiago

Baliabideak

Mota Izenburua Bertsolaria(k) Deskribapena
Bertso jarria Izarren hautsa “Izarren hautsa” poema Xabier Letek argitaratu zuen “Bigarren poema liburua”n, 1974an. 1975ean Mikel Laboak kantu bihurtu zuen Leteren poema, “Ikimilikiliklik” ikuskizunean jendaurreratuz (1975- 1978). Ostean, Xabier Letek bere poemaz kantu berria egin eta “Kantatzera noazu” diskoan jaso zuen (1976 Artezi). 1980an Mikel Laboak bere bertsioa “Lau / Bost” diskoan grabatu zuen (1980 Xoxoa). Bertsotan Laboaren doinua baliatzen da, hamar puntuko bertsora egokituta, 3 errimekin.
Bertso jarria Jardin bat zuretzat Xabier Letek azken kontzertua 1999an eman zuen eta han plazaratu eta grabatu zuen kantu hau, bere emazteari eskainiz. Lourdes Iriondo izan zuen bizitzan bidelagun, gaztetan abeslaria eta Ez Dok Amairu kultur mugimenduko kide izana, garaiko abeslari gazteekin batera (Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi…).
Bertso jarria Norteko tren-bideari aste hontan Txirritak jarriyak 1864an inauguratu zen Donostian Norteko Trenbidea. Aurrerapen handia izan zen baina, hasiera hartan ur lurrunezko lokomotora izaki, bere arazoak ere bazituen: “ikatz-jale” ikaragarria zen, nekez igotzen zituen aldapak eta botatzen zuen ke beltza bagoietan sartzen zen. Horregatik, trenbidean argindarra sartzeak benetako iraultza ekarri zuen. 1929an gertatu zen. 1931ko sorta honetan Txirritak asmatu zuen azaltzen, zer aldaketa ekarri zuen trenak eta zer alde dagoen makina ur lurrunak mugitu edo argindarrak mugitu.
Bertso jarria Habanera “Habanera” abestia 1991n plazaratu zuen Xabier Letek, “Eskeintza” diskoan (Elkar). Kubako musika genero bat da habanera (hortik du hiriburuaren izena). Letek kantu honekin Kubara garamatza, doinuz bezala hitzez ere, nostalgiaz.
Bertso jarria Ikusten duzu goizean Elizanburuk etxeari jarri zizkion bertso unkigarri hauek; bizitzan sorlekutik kanpo urteak eman zituenak, hain juxtu. Apaiz ikasketak utzita, Frantziako armadan sartu eta kapitaina izan zen. 1871n, Napoleon menderatua izan zenean, itzuli zen Sarara.
Bertso jarria Solferinoko itsua 1864an, Anton Abadiak Saran antolatutako sariketan, bigarren saria jaso zuen sorta honek. «A. Salaberry» sinatu zuen autoreak; ikerlari batzuen hipotesia da Elizanburu izango zela. Solferino, Italiako herri bat da. 1859an gudua izan zen bertan; Italiaren bateratze prozesuan zeuden eta, Solferinon, frantziar eta sardiniar armadak austriarren armadari gailendu zitzaizkien. Gudu hartan itsututako soldadu baten istorioa kontatzen du sortak, lehen pertsonan. Elizanburu bera ere, apaiz ikasketak utzita, Frantziako armadan sartu eta kapitain izan zen. 1871an, Napoleon menderatua izan zenean, itzuli zen Sarara.
Bertso jarria Errota zaharra Bertsoek azaltzen dutenez, errota zaharrak alea xehetzean negar egiten duen bezalaxe, triste dago bertsolaria ere, bihotz minez, ezinezko maitasunagatik. Doinua Xabier Letek sortu zuen eta kantua ezagun egin zen Xabier Letek eta Lourdes Iriondok abestuta.
Bertso jarria Zaldi baten bizitza (edo Zaldi zuriyarena) 1860 urte inguruan, Donostiako Joxe Mari kale garbitzaileak zaldi zuri bat erabiltzen zuen gurdi garraio; zaldiari ez zioten jateko askorik emango eta argala zegoen oso, dena hezur eta azal. Bilintxek umorezko sorta hau jarri zion eta erabat haserretu zen Donostiako garbiketaz arduratzen zen Gros familia; denbora askoan ez omen zioten Bilintxi hitzik egin. Joxe Mari euren morroia zen. Gerora, sorta hau Xabier Leteren ahotsean ezagutu dugu, “200 urtez bertsotan” CD bildumari esker (2001 Elkarlanean).
Bertso jarria Nere sentimentua Antonio Urbietak bere anaiari ("Kaskazuri" bertsolariari) Ameriketatik bidali zion gutuna da hau. Gutuna bertsotan jasotzeak eragingo zion zerbait anaiari!
Bertso jarria Betroiarenak Errenterian Xenpelar bertsolariaren bizilaguna zen Fermin Errazkin itzaina (idiekin ibiltzen zena). Ostegun batez, feri-egunez, joan da Hernaniko azokara Fermin eta “betroia” edo behia erosi dio Inazio delako bati, 19 ezkutu ordainduta. Behi ona omen zen erosi zuena, baina Fermin tabernan sartzean, behia trukatu egin zioten eta xaxtar bat jarri. Betroi trukatu horrekin eliz ataritik pasatzean apaizek barre egin zioten: halakoxea zen azienda hura! Gertaera kontatzeko bertso sorta umoretsu hau jarri zuen Xenpelarrek.