Zumarragan (Gipuzkoa) bizi ziren gurasoak Nerea jaio zenean, 1994ko martxoaren 9an. Bost urte zituela Etxebarrira (Bizkaia) etxaldatu ziren gurasoak eta, gero, hemen bizpahiru urte bizitu ondoren, aita Jose Ramon Ibarzabalen jaiotetxera, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Ituarte auzoko Iketza baserrira. Markina-Xemeinen egin zituen oinarrizko ikasketak, Berakruz Ikastolan, eta batxiler ikasketak, Lea Artibai Institutuan; ondoren, kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako fakultatean, Bilbon. Bertsogintzan ardaztua du bere bizibidea, idazletzarekin uztartuta. Ikasketak amaitu ondorengo urtetan bertsolaritza, kazetaritza eta sormena uztartu ditu: bertso irakaskuntzan jarduna da Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen hezkuntza programaren baitan (2016-2018); kazetaritza alorrean ez du jarduera jarraiturik nahi izan, baina iritzi eta artikulungintzan ...
Ikusi gehiago
Zumarragan (Gipuzkoa) bizi ziren gurasoak Nerea jaio zenean, 1994ko martxoaren 9an. Bost urte zituela Etxebarrira (Bizkaia) etxaldatu ziren gurasoak eta, gero, hemen bizpahiru urte bizitu ondoren, aita Jose Ramon Ibarzabalen jaiotetxera, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Ituarte auzoko Iketza baserrira. Markina-Xemeinen egin zituen oinarrizko ikasketak, Berakruz Ikastolan, eta batxiler ikasketak, Lea Artibai Institutuan; ondoren, kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako fakultatean, Bilbon.
Bertsogintzan ardaztua du bere bizibidea, idazletzarekin uztartuta. Ikasketak amaitu ondorengo urtetan bertsolaritza, kazetaritza eta sormena uztartu ditu: bertso irakaskuntzan jarduna da Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen hezkuntza programaren baitan (2016-2018); kazetaritza alorrean ez du jarduera jarraiturik nahi izan, baina iritzi eta artikulungintzan lankidetza asko egin du aldi eta hedabide ezberdinetan: Bizkaiako Hitza, Gaur 8, Berria, Argia, Euskadi Irratia, Bertsolari aldizkaria, ... 2016an, Txakur Gorria sormen kolektibo enpresa eratu zuen Mariñe Arbeo Astigarraga, Malen Amenabar Larrañagar eta Ane Labaka Mayozekin batera (2016-2021); autosorkuntza, autoedizio eta autoekoizpen proiektuak garatzeko ez ezik ikusentzunezko proiektuen gidoigintzan jarduteko aukera eman zion horrek.
Bertsozalea du oso ama, Josefina Salegi, eta honek kutxatu zion zaletasuna kantu eta jolasen bidez; Hitzetik Hortzera bertso-programak eta "Lazkao Txiki" eta "Pernando Amezketarra" ETBko marrazki bizidunen emanaldiek ere izan zuten eragina. Juanjo Respaldiza ari zen garaian Ikastoletan bertsolaritza hedatzen, eta berarekin hasi zen Berakruz ikastolan bertsoa lantzen; Markina-Xemeingo bertso-eskolan eman zion jarraipena gero, Iratxe Ibarra bertsolaria irakasle zuela; hemen egin zuen topo Aissa Intsausti, Xabat Galletebeitia, Gorka Ostolaza eta abarrekin, eta sakontzen jarraitu zuen bertsoarekiko harremana.
Garaiko bertsolari ia guztiak bezala, lurraldeko Eskolarteko Txapelketan hurreratu zen plazara, eta hemen abiatu zuen bertsogintzako ibilbidea. Askotan irabazi zuen Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta aldi horretako Euskal Herriko Eskolartekoan parte hartzeko aukera eman zion horrek. Bertsolari gazteentzat sariketeta ugaritan parte hartu du, askotan bildu du sari nagusia (Abra, Osinalde, Xenpelar,...), eta sarritan ibili da sari nagusitik hurbil.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, 2012an kantatu du lehenengoz; 2014an, Lea-Artibai eskualdeko txapelketa irabazi du, bigarrenez hartu duelarik parte Bizkaiko Txapelketan; gero, finalista izan da 2016an eta 2018an, eta Txapelduna hurrengo bi edizioetan, 2021ean eta 2023an; ez du parte hartu 2025ekoan.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, 2017an kantatu du lehenengoz, finalaurrekoetara helduz; 2022an, bigarren parte-hartzean, finalera heldu da.
Ibilbide horrek eta ohiko plazetan egiten duen lanak erreferentziazko bertsolarien taldean kokatu du. Bat bateko bertsogintzara lotua du bere ibilbidea, nagusiki; ez du bertsopaper lehiaketetarako joerarik izan, baina baditu berariaz sortutako sortak eta bidea egiten ari da abesti letragile gisan.
Literaturgile jardunean, 2022an argitaratu du lehen liburua, "Bar Gloria", eta antzezlanetarako testu sorkuntzan ere ari da bere ekarpena egiten.
Ikusi gutxiago