Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen 1975eko azaroaren 25ean. Gizarte Heziketan diplomatua da. Bertsolaritza irakaskuntza du lanbidea, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen proiektuan. Ezkondua, bi seme dituzte. Iruran (Gipuzkoa) bizi da 2001eko irailaz gero. Ikastolan, Andoaingo Manuel Larramendi ikastolan izan zuen lehen harremana bertsolaritzarekin; gustukoa zuenez, Hernaniko bertso-eskolara eraman zuen amak eta hemen eman zion jarraipena Juanjo Uriak eta Joxemari Mujika "Anatx"en eskutik; Andoaingo bertso-eskolan ere aritu zen aurrerago non Joxe Manuel Oiartzabal eta Jokin Sorozabalen laguntza izan zuen. Garaiko bertsolari gazte guztiek bezala, lurraldeko Eskolarteko Txapelketan hasi zen jendaurrean kantari, 1986an, bederatzi urterekin, Hernanin; azkeneko bi parte-hartzetan, 1992an eta 1993an, jantzi zituen handien ...
Ikusi gehiago
Andoainen (Gipuzkoa) sortu zen 1975eko azaroaren 25ean. Gizarte Heziketan diplomatua da. Bertsolaritza irakaskuntza du lanbidea, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen proiektuan. Ezkondua, bi seme dituzte. Iruran (Gipuzkoa) bizi da 2001eko irailaz gero.
Ikastolan, Andoaingo Manuel Larramendi ikastolan izan zuen lehen harremana bertsolaritzarekin; gustukoa zuenez, Hernaniko bertso-eskolara eraman zuen amak eta hemen eman zion jarraipena Juanjo Uriak eta Joxemari Mujika "Anatx"en eskutik; Andoaingo bertso-eskolan ere aritu zen aurrerago non Joxe Manuel Oiartzabal eta Jokin Sorozabalen laguntza izan zuen.
Garaiko bertsolari gazte guztiek bezala, lurraldeko Eskolarteko Txapelketan hasi zen jendaurrean kantari, 1986an, bederatzi urterekin, Hernanin; azkeneko bi parte-hartzetan, 1992an eta 1993an, jantzi zituen handien mailako Gipuzkoako Eskolarteko txapelak. Handik bi urtera, 1995ean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabaziko zuen, bere lehen parte hartzean, hogei urte egin berri zituela eta plaza handietako ateak zabaldu zizkion horrek; 2007an jantzi zuen bigarrenez txapelketa honetako txapela. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari dagokionez, 1997an hartu zuen parte lehen aldiz eta ez du hutsik egin orduz gero antolatu direnetan, emaitza nabarmenekin: 2001ean sartu zen Txapelketa honetako finalean lehen aldiz eta ordutik jokatu diren guztietako finalisten artean izan dugu; txapeldunorde izan da 2017an, Maialen Lujanbiorekin buruz buruko lehian jardun ondoren.
Nabarmentzekoa da bertsotarako doinu berriak sortzen, egokitzen edo plazaratzen egin duen ahalegina. Bere sormeneko doinu zenbaitek harrera oso ona izan du eta sarri erabiliak izan dira plazetan, esaterako, "Gizakiak harri bat" izeneko 10eko txikia.
Bat-bateko bertsogintzan ez ezik, bere bidea egin du bertso idatzi edo jarrien esparruan ere, eta bertso sorta asko sortu du aldizkari eta egunkarietan argitartazeko edo abeslarien eskariz. Bertso-paper lehiaketetako epaile lana ere egin du tarteka, Pello Mari Otaño saria (Zizurkil, 2013), Abra saria (Getxo, 2014), ... batzuk aipatze arren.
Bertsolari gisara egindako ekarpenaz gain, aipagarria da bertsolaritzaren irakaskuntza arloan egiten ari den lana. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailean izan da mende honen hastapeneko lehen urtetan eta, besterik beste, bere eskutik abiatu da Bertsozale Elkarteak lurralde horretan bertsolaritza hezkuntza arautuan txertatzeko proiektua; irakasle lanetan dihardu 2007z gero. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko (1999-2007) eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko (2000-2005) Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da ardura desberdinak betez.
Nabarmendutako ibilbide eta ekarpen multzo horri, batik bat, Euskal Herri osoko plazetan egindako ehundaka bertso saio gehitu behar zaizkio. XXI. mendeko lehen hamarkadetako bertsolari erreferente handietakoa izatea ekarri dio horrek.
Ikusi gutxiago