Unai eta Eñaut Agirreren ordubeteko emanaldia, 15 sorta biltzen dituena, Joxean Goikoetxeak eta Imanol Kamiok musikatuta. Subijana Etxean grabatua, 2020-07-09an.
1918ko apirilaren 2an Hernanin gertatutako baztangaren matxinada kontatzen du sorta honek. Garaipena ospatzeko, ekainaren 1ean herri bazkaria egin zen Tilosetan eta Joxepa Zubeldiak, mahai gainera igota, sorta honetako 24 bertsoak kantatu zituen herritarren aurrean.
Bertsoa plazan soilik ez, eguneroko bizitzako espazioetan topa zitekeenaren seinale dira Joxepa Inaxi Elizegi eta Plazida Otaño bertsolarien bat-bateko perla hauek, albotik ekindako ziriei errespuestan, umorez. Tartean, Txirritari emandako erantzuna ere bai.
Hondarribiko Joxepaz dakigun apurra, Bilintxek jarritako sorta honen bidez iritsi zaigu: "Hondarribi aldian aditzen genduen/ dama bertsolari bat nola bazeguen/ zeinak Euskalerrian parerik ez zuen". Sona haiek egia ote ziren jakin nahian, Joxeparekin probatzera joan zen Bilintx... Joxeparen bertsorik ez zaigu iritsi, ordea, tamalez. Maialen Lujanbiok emango dio errespuesta Bilintxi, Joxeparen ahotik.
Hiltzaileak, Joxe Larrañaga Juaristi mendarotarrak, kartzelan zegoela heriotza zigorraren zain (1826), bertsolari bati enkarguz jarrarazitako sorta beltza da hau, bere ibilera odoltsuaren berri ematen duena.
Martin Larralde "Bordaxuri"k jarritako sorta, 1815ean, Paueko presondegian, bizi guztirako galeretara kondenatu zutenean. Aitak salatu zuen, nonbait, hilketa bat egotziz semeari; aita-semeak baserriaren erentziagatik liskarretan zebiltzan. Gertakari ilun horien bere testigantza utzi zuen Larraldek sorta honetan. Pantxoa eta Peiok abestua (1969). Bideoaren iturria: Elkar.
Bilintxek hara zer bertso sorta zuzendu zion Joxe Mari kale-garbitzaileari. Zaldia gurdiari tiraka zuela aritzen zen kale garbitzen, eta nonbait ez zion tratu onik ematen animaliari: goseak zeukan, dena azal eta hezur.
Urumea ibaiak askotan egiten du gainez. Uholdeei jarritako sorta da hau, Unai Agirrek berak abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoa: Anbune. Argia astekarian argitaratua.
Txirrita oso gaztea zela, sei sardina ekarri omen zituzten etxera. Aitak eta amak bina, eta Txirritak eta anaiak bana izan omen zuten jateko. Orduan kantatakoa omen da hau. *Audioa "Mundu bat bertso" ikasmaterialerako sortua.
Gerra garaian artzain bat hil zuen gizona aurkitu du Txirritak, ostatuan. "Nik jarriko diat negarrez gizon hau, bi bertsorekin" erabaki du Txirritak. Zer kantatu ote zion hiltzaileari? Ikus dezagun Eñaut Agirre, pasadizo eder hau kontatzen.
Txakurra falta zuela-eta Albizuk jarritako bertso sorta, gertaera azalduz, txakurraren deskribapena eginez eta, aurkitzen zuenari, ekartzeko eskatuz. Sorta Principe de Viana aldizkarian argitaratu zen. Audioa: "Mundu bat bertso" ikasmaterialerako sortua.
Bilintx Oiartzunen izan zen pilota partidu bat ikusten. Eguerdian sartu da ostatuan bazkaltzera, baina sartu bezalaxe goseak aterako da gajoa... Mahai-buru eseri den apaizak, garbantzu guztiak bere platererako nahi ditu-eta! Unai Agirrek kantatuko dizkigu (Larraitz, 2018-12-21). Bideoa: Anbune.
Pastor Izuelari tabako eske joan zaio Pernando... Nahikoa, ika-mika pizteko! Apaizari ere ez dio erantzun makala emango, Trinitate Santuaren misterioa zortziko txiki batean azalduz. Eñaut Agirrek kontatu eta abestuko dizkigu (Larraitz, 2018-12-21). Bideoa: Anbune.
Gerra bukatuta, erbestetik Zarautzera bueltan zetorrela Basarri, harrapatu egin zuten eta langile batailoietan sartu, esklabo lanetan. Leku askotan izan zen lan behartuan, tartean, Aiako Harrian, Aritxulegiko bidea egiten. Han bizitakoak sorta honetan jaso zituen. Kantatzearen indarrez asko zabalduko ziren bertsook, gerora. *Bideoan Gorka eta Eider Zabaletak abestua.
Antonio Urbietak bere anaiari ("Kaskazuri" bertsolariari) Ameriketatik bidali zion gutuna da hau. Gutuna bertsotan jasotzeak eragingo zion zerbait anaiari! Abesten ere, bi anaia: Unai eta Eñaut Agirretarrak (Larraitzen, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
Pello Errota bertsolari ezagunaren alabak ziren Mikela eta Joxepa Iñaxi Elizegitarrak, biak ere bertsolariak. Joxepa Iñaxi Ameriketara joan zen bere neska lagun koadrilarekin, eta Mikelari idazten zizkion gutunak, bera ere joan zedin tentatuz. *Bideoan Eñaut Agirrek kontatu eta kantatua.
Kathrine Switzer, maratoi batean dortsalaz atera zen lehen emakumea izan zen (1967, Boston); antolatzaileak lasterketatik botatzen saiatu ziren, baina Switzerrek aurrera jarraitu zuen, lasterkari batzuen laguntzaz. 2018an Donostiara etorrita, Maialen Lujanbiok bertsoz eskertu zion emakumeei ireki zien bidea. Bideoa: Deustuko Unibertsitatea.
Emakumeen arteko aniztasunari eta ahizpatasunari eskainitako sorta. Mikel Markezek "Indar bat dabil hor" diskoan plazaratua, Aire Ahizpekin. Bideoa: Elkar.
Unai Agirrek Larraitzen (2018-12-21) kantatutako bertso zaharrak. Etxeko katuari Joxe Garmendia bertsolariak jarritako sorta, eta Pello Errotak bere astoari buruz botea. Bideoaren egilea: Anbune.
Juan Frantzisko Petriarena "Xenpelar"en sorta ezaguna, bigarren gerra karlista hasteko zorian zela, gerran ez hasteko eskatzen. Eñaut Agirrek abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
Bilintxen bertso sorta, Joseba Tapiak kantu egina "Real politik" diskoan. Bideoan "Gu ta gutarrak" taldearen emanaldian Tapiak eskainia (2008-04-17). Bideoa: Gu ta gutarrak.
Unai Agirrek 36ko gerrari buruz jarritako sorta; Argia astekarian argitaratua eta Unaiek berak abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
Plazidak 18 urte zituela, etxeko sukaldean, adinez aurrera zihoala esan omen zion aitari eta, ezkontzeko asmoa zuenez, dotea prestatzen joateko.
Dotea ezkonberriari gurasoek ematen zioten ondasuna zen.
Karidadeko Bentan, Txirrita eta Udarregi hasi dira Pello errotaria zirikatzen: lapurreta egiten omen du, behar baino irin gehiago hartuaz beretzat eta, martxa horretan, infernura joango dela... Pellok erantzuna bueltan. *Bideoan Eñaut Agirrek abestuta.
Hernanin behia erosi du Frantzisko Xenpelarrek, baina ez dauka itxura ederra gajoak... Bederatzi puntuko neurrian idatzitako sorta umoretsua, Eñaut Agirrek abestua (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
1893an Azpeitian sari bat jarri zuten, oso ezaguna egin zena gerora. Pello Errotak irabazi zuen. Dirudienez, saria bertsolari artean banatzeko hitz eginda zeuden aurrez, baina Udarregik ez zuen xoxik jaso. Haserraldi galanta sortu zen, bertso jarriak ere bai asko, elkarri handiak esanaz. *Bideoan Eñaut Agirrek kontatu eta kantatuta.
Asteasun bazen familia bat, senide asko itsuak zituena. Bizimodua ateratzeko, andre-gizonak bertso-paperak saltzen aritzen ziren kalean. Altzoko Imaz bertsolariak eurentzat jarritako bertsoak abesten zituzten, elkarri handiak esanaz, jendea erakartzeko erostera. *Bideoan Eñaut Agirrek abestuak.
Pello Errota eta bere seme Miel Antonen arteko zirika-errematea. Erreka tartean dutela, alde batean Pello eta bestaldean semea astoarekin, urak zeharkatu ezinda. *Bideoan Eñaut Agirrek kontatu eta kantatuta.
Erantzun kolpe galantak ematen artista zen Zaldibiko "Artxanberri". Eñaut Agirrek kontatu eta abestuko dizkigu ondo (Larraitz, 2018-12-21). Bideoaren egilea: Anbune.
Pedro Mari Otañok eta bere osaba Jose Bernardok harreman estua zuten. Pedro Mari Amerikara abiatzerakoan, osabak bertsotan esan zion itzultzen zenerako bere ohea hemen izango zuela prest. Amerikatik badator Pedro Mari; etxeko ate aurrean bertsotan hasi zaio osabari... *Bideoaren egilea: Anbune.
Errenteriako Ehun (edo oihal) Fabrika Handian egin zuten lan 4 bertsolari ezagunek:
Xenpelartarrek (Juan Frantzisko, Maria Luisa eta Joxepa Anttoni) eta Muxarrok.
Fabrikan erretzea debekatuta zegoen, antza, eta Muxarro hor ari zen, ezkutuan, pipari tiraka.
Hara nola hasi zaion kargu hartzen Juan Frantzisko Petrirena Xenpelar, enkargatu paperean...
Bazen Lasarten herri bertsolari bat, Joxe Miel, oso elizkoia, "Kristo" esaten ziotena. Baina gaizki-esaka aritu zale ere bazen eta, behin, "Motza"gatik handi xamarrak esan omen zituen. Zeharo muturtu zitzaion "Motza", eta bertso hauek jarri zizkion... *Bideoan Eñaut Agirrek abestuta.
Basarrik "Aitonaren malkoak" sortan emakumearen faltak hartu zituen hizpide. Eta Inaxi Etxabek "Basarriri erantzuna" jarri bueltan. Gertaera eta bertso haiek ekarri zituen gogora Zarauzko bertso-eskolak (2013-07-18).